Mikel Hurtado urretxuarrak izugarri maite du txorien edertasuna eta kantua. Lagunek Txori deitzen diotela ikustea besterik ez dago.
Etxean beti izan dituzte eta Jon Alvarez bere bizilagunaren aitak hegaztiak harrapatzen irakatsi zien biei. Hasieran ederrenak hartzen zituen. 100 kanario baino gehiago hazi eta lehiaketak irabazi zituen. Egun, berriz, kanturako aleak hazten ditu. Euskadiko txapelduna berea da.
Txoriek berezkoa dute abestea, baina Mikel Hurtadok lehiaketetan saritzen den moduan kantatzen irakasten die. “Ez dute adimenik, baina euren espeziekoek erabiltzen dituzten notak oinarri hartuta hezi egin daitezke”, azaldu du urretxuarrak.
Zaletasun honi silvestrismo deritzo: txoriak harrapatu eta hezten dituzte, ondoren lehiaketetara aurkezteko. Kumeak harrapatzen dira, txorien kantuak dituzten diskoak prestatzen zaizkie eta ondoren intsonorizatutako kaioletan disko horiek entzunarazten dizkiete. “Batzuek besteak ez entzutea oso garrantzitsua da. Izan ere, gela batean 19 txori on eta txar bat sartzen badituzu azken honek gainontzeko guztiak izorratzen ditu”, aipatu du Urretxuko zaleak.
Mikel Hurtadok lokal bat egokitu du bere zaletasuna garatzeko. 20 kaiola intsonorizatu ditu eta txorietako batek, Mikel Laboa izenekoak, Mutrikuko eta Eibarko lehiaketak irabazi ditu. Gainera, Gipuzkoako txapelduna izan zen eta Euskadiko txapelketa bitan irabazi du. “Akats batzuk egiten ditu, baina jenioa da. Jarri diodan musika gustatu egin zaio eta goitik behera barneratu du”. Heziketaz gain, elikadura eta garbitasuna funtsezkoak dira. “Barazki eta fruta asko eman behar zaie, ez baitute ariketarik egiten. Bestalde, kaiolak garbi mantentzea oso garrantzitsua da”, azaldu du.
Urretxuarraren txoriak karnaba eta kanario nahasketa dira eta bere ametsa karnaba lehiaketak irabaztea da. Azken hauen kantua bikainagoa da, baina zailagoa da heztea. Dena den, mistoak ere oso baloratuak daude. Aske bizi diren kanario eta karnabek baino bizi itxaropen handiagoa dute, ez baitiete harrapariei aurre egin behar. 15 urte baino gehiago bizi daitezke: lehen urtean abesten ikasten dute, bigarrenean goia jotzen dute eta hirugarrenetik aurrera txapelketak irabazten dituzte.