Onartzen dugu, egoera nahasi honetan, euskal komunikabideetako lankideak M15 delako horri euskarazko izen bat asmatzen bezain deskolokatuta aurkitzen gara —haserretuak, suminduak, ernegatuak…—.
Teknologia berriei jarraiki, #despistatuak gaudela esan genezake. Egia esatera, hasieratik errezelo handiz begiratu izan diogu bat-batekoa izan omen den mugimendu horri. Espainia aldean jendea behingoagatik kalera irtetea, erabilitako mezu eta zenbait esloganetan erakutsitako originaltasunak, —ogi eta txorizoarena esaterako mundiala izan zen— nolabaiteko konplizitatea sortu zigun, baina mugimendua zenbat eta gertuago izan, orduan eta urrutiago sentitu gara eurengandik. Ezin bestela izan eta gure herrietako kaleetan ere izan dugu beraien berri eta ustezko segurtasun faltaren inguruan egindakoak ezin ditugu inondik inora ulertu. Hasteko, dena gaztelera hutsez eta aspaldi ikusi ez genuen Zumárragarekin egin genuen topo euren esku-orri batean. Ezer ez ondoren zetozen «Paraíso para delincuentes», «efecto llamada» eta polizia gehiagoren eskaerarekin. Gai sozialei helduta, Arcelorren izandako bi lan istripuek kezkarik eragin al dute? Enpresa horren tximiniatik abuztu hasierako arratsalde batean irtendako ke gorrixka zer zen inork ba al daki? Gure herrietan zoritxarrez dagoen langabezi mailak ez du sinadura bilketarik merezi? Esandakoa, erabat #despistatuta gaudela eta gustura entzun edo irakurriko genituzke honen inguruko argibideak.
PD: Aurrekoarekin zerikusi handirik ez duen arren, gure nahasketa are eta handiagoa izan dadin, ez diote ba Iparragirreri egindako omenaldiaren bazkaria Zumarragako plazan egin. «Para ontze ver nacismos». Festak gertu direla eta tregua txiki bat emango dizuegu, baina deskuiduan kantu afarian errekaren alde honetako ereserkia abestuko balute mesedez norbaitek abisa diezagula.
Jon Torner
Jon Ormazabal
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide