Jabier Ugarte harakina Brinkolan jaio zen eta bertan eman zituen bere bizitzako lehen 35 urteak.
Arrasaten ofizialtza ikasketak hasi zituen, baina hirugarren urtean etxera itzuli zen. Ordutik harakin lanean aritu da: lehenengo Legazpin, ondoren Aretxabaletako Eroskin eta ezkondu zenean Legazpiko janari-denda batean. Hau ixtera zihoan eta duela hiru urte eta erdi erretiratu berri zen Kandido Mendizabalen harategia hartu zuen. Bere zaletasun nagusia mendian ibiltzea da, baina emaztea Agiñakoa du eta azaroan San Martinak ospatuko ditu noski.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Ez dut sekula ezer berezirik izateko gogorik izan. Baserrian bizi ginen eta gure gogoa kalera joatea zen.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendira joatea. Igandeetan Samiño edo Izazpira joaten naiz eta batzuetan Aizkorrira ere bai.
Bizitzeko toki bat?
Inguruko toki guztietan ondo moldatzen naiz: Brinkolan jaio nintzen, Zumarragan lo egiten dut, Urretxun lan, Agiñan bazkaldu…
Haragia ala arraina?
Biak gustatzen zaizkit. Etxetik kanpo arraina eskatzen dut.
Odolkia ala buzkantza?
Sarritan jateko odolkia nahiago dut, baina noizean behin buzkantza gustura jaten dut.
Behikia, txerrikia ala ardikia?
Gehien gustatzen zaidana txahal haragia da. Asko jateko samurragoa da.
Asko aldatu al dira bezeroen kontsumo ohiturak?
Legazpin lan egiten nuenean gisatzekoak eta egostekoak egun baino askoz ere gehiago saltzen ziren. Egun xerra da gehien saltzen dena.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Gazteak baldin badira, biak.
Egindako azken oparia?
Emazteari bere urtebetetze egunean oparitu nion ordularia.
Eta jasotakoa?
Alkandora edo prakak, jazteko zer edo zer.
Data bat?
Gabonak asko gustatzen zaizkit. 11 anaia-arreba gara eta Gabonetan denok elkartzen gara. Egun polita izaten da. Alabaren jaiotze eguna ere berezia izan zen, noski.
Mutil eta neska izen bana?
Irati, alabarena, eta Xabier.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
DV eta Hitza.
Gustuko telebista saioa?
Ez dut telebista asko ikusten. Pilota partidak eta batzuetan Vaya semanita! Irratia, berriz, asko gustatzen zait. Goizero pizten dut eta itxi arte piztuta izaten dut.
Bereziki gorroto duzuna?
Salsa rosa eta halakoak sekula ez ditut jasan.
Pelikula bat?
Gehien gustatu zaidana El golpe da.
Liburu bat?
Ez dut irakurtzen.
Soinu bat?
Trikitixarena.
Usain bat?
Ona baldin bada, edozein.
Janari bat?
Angulak, baina aspaldi jan nituen azkenekoz.
Ura ala…
Ardoa nahiago…