Horixe pentsatuko zuen Iñaki Azkunak, Gernikako arbola baino euskaldunagoa sentitu baina Madrilgo gurbitza (madroñoa) bezain espainola den Bilboko alkate ahoberoak, duela aste gutxi Errekaldeko Kukutza gaztetxea hustu eta botatzeko agindua eman zuenean.
Rodolfo Ares komandanteari telefono dei bat egin eta listo, aspaldion kate motzean lotuta egondako zientoka Ertzainek barruan gorderik zuten amorrua hiri osora zabaldu zuten, Bilbotarrek —eta han zeuden gure zenbait lankidek— sekula ahaztuko ez duten polizia operazio “proportzional eta profesional” batean. Egurra partitzea zer den jakin nahi duenak ikus ditzala egun haietako bideoak. Kontua da esperientzia horretatik gure herrira estrapolatu daitezkeen hiru ondorio atera daitezkeela. Bat, jabego pribatuaren defentsan aritzearen aitzakiapean, gazteria eta oro har gizarte eredu konkretu baten alde —eta besteen kontra— egiten dutela boterearen (zementuzko) hariak maneiatzen dituztenek. Bi, gezurra dirudien arren, inguruan beti dagoela zure herriko alkatea baino barrabasagoa den besteren bat. Eta hiru: hogeita hamar urteak aspalditxo gainditu dituzun horrek, gaztetxe batera sartu eta barraren ertzean zaudela sekreta edo estupa konplejoa sartzen bazaizu, Azkunaren argazki bat atera ezazu, paretan itsatsi eta zapata bat botaiozu, en plan taliban, parrokianoek ikus dezaten ez zarela pertsona arriskutsua. Estrategiak funtzionatzen ez badu, lasai, Azkunak eta Aresek dioten moduan, barruan dauden guztiak sustantzia lo-eragileen menpe bizi dira, eta egoerak okerrera eginez gero, nekez harrapatuko zaituzte korrika ihes eginez gero… Bi fenomeno horiei ahaztu egin zaie esatea hain justu kontrakoagatik esistitzen direla gaztetxeak: gazte ipurterreek esna jarraitu nahi dutelako.
Jon Torner
Jon Ormazabal
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide