Gutako gehienok sekula ez dugu ezagutu orain dugun krisia bezain gogorrik. Jende askok lanpostua galdu du, lanean jarraitzen dutenei soldatak izoztu edo jaitsi egin zaizkie, ez dakigu zulo honetatik aterako garen…
“Baikorrenek” krisiek aukera berriak bilatzeko balio dutela eta hori egiten dutenak indartuta ateratzen direla esaten dute. Esan diezaietela hori langabezian gelditu direnei… beharko aukera berriak bilatu! Lanbidez aldatzea edo ikasketetan sakontzea erabaki duten lau lagunekin hitz egin dugu.
Istekot Lizarralde: “Beti gustatu izan zait lorezaintza, aisialdian lantzen nuen, eta lantegia itxi zenean argi ikusi nuen”
Istekot Lizarralde zumarragarrak 36 urte ditu eta metalaren sektorean lan egin du beti. Duela bi urte Sidenorrek Legazpiko fabrika ixtea erabaki zuen eta langileei Basaurira joatea eskaini zien. Lizarraldek kalte-ordaina eskatu eta bere ametsa betetzea erabaki zuen: baratzezaintza ikasi zuen eta aurten lorezaintza modulua bukatzen ari da.
Bere garaian Lanbide Heziketa ikasi zuen, mekanika, eta beti siderurgian lan egin du. Ekoizpen eta mantenu lanak egin zituen Estanda, Irimo, Gelman eta Sidenor enpresetan. “Ez dago esaterik lan horietan gustura nengoenik. Joera nagusiari jarraitu nion. Hemen metalak indar handia du eta zertan lan egin nahi zuen oso argi ez zuenak mekanika edo elektrizitatea ikasten zuen. Nik elektrizitatea atsegin ez nuenez… Lanean ez nengoen gogo txarrez, baina ez lan horiek ez ninduten asebete. Lan egin, dirua irabazi eta kito”.
Denbora asko zeraman lanbidez aldatu nahian eta Sidenorren erabakiak pausoa ematera animatu zuen. “Beti gustatu izan zait lorezaintza eta aisialdian lantzen nuen. Lantegia itxi zenean, argi ikusi nuen. Gainera, hasieratik emaztearen babesa izan nuen. Basaurira joateko 4.00etan jaiki behar nuen eta handik 16.00etan itzuliko nintzen. Hamabi ordu lan egin eta zortzi kobratzea zen. Horretarako, nahiago nion lau ordu hemengo edozeini oparitu… Gainera, nire ametsetako lana izango balitz… Bestalde, bi mutiko ditugu. Ordura arte ez nintzen ausartu pausoa ematera lanean eroso nengoelako: ez zidan ahalegin fisiko handirik eskatzen eta etxetik gertu lan egiten nuen. Gauza bakarra zuen txarra: asteburuetan eta gauez lan egin beharra”.
Lore zaletasuna amonaren eta amaren eskutik datorkio. “Amak loradenda eduki zuen eta nik lagundu egiten nion. Amaren Eguna, Santu Guztiena eta Maiteminduena oso gogorrak izaten ziren, baina gainontzekoetan lan polita zen. Gainera, emaztearen familiaren etxean baratza dugu eta horrek lan hauek gehiago maitatzera eraman naute”.
Bere ama oso harro dago, noski. “Zalantzaren bat dudanean galdetu egiten diot, berak ere galderak egiten dizkit… Ezagutza trukatzen dugu. Siderurgian lan egiten nuenean apenas hitz egin nezakeen lanaz amarekin. Egun berriketarako gai bat gehiago dugu”.
Esan bezala, baratzezaintza ikastaroa egin zuen eta egun lorezaintza ikasten ari da. “Sidenor 2009ko uztailean utzi nuen eta ondoren Lanbide Heziketa 2 titulua atera nuen. Lorezaintza modulua 2010eko irailean hasten zenez, urtarriletik ekainera bitartean 700 orduko baratzezaintza ikastaroa egin nuen. Zizurkilgo Fraisoro eskolara joan nintzen, lorezain-tza bertan ikasi behar bainuen eta hala ikastetxea ezagutzeko aukera bainuen”.
Lizarralde lorezaintza moduluko bigarren eta azken ikastaroa egiten ari da. “Oso gustura nago. Giro oso ona dugu. Ikaskide batzuk ni baino 20 urte gazteagoak dira, baina primeran moldatzen gara. Hamalau ginen eta bederatzik jarraitzen dugu. Irakasleekin harreman oso ona dut. Izan ere, gehienak nire adinekoak dira. Esan bezala, ikaskide gehienak ni baino gazteagoak dira. Beste bat urtebete zaharragoa da. Eraikuntza enpresa batean lan egiten zuen, bulegoan, baina aspertu egin zen eta utzi egin zuen. Gazteek ondo hartu gintuzten. Hasieran harridura erakutsi zuten, baina han zergatik geunden azaldu genien eta ulergarria iruditu zitzaien”.
Gazteei ez die aholkurik ematen. “Zer aholku emango diet, ba? Ez nintzen ikasle eredugarria izan… Egun, ordea, adina dela eta gustukoa dudala eta, nota onak ateratzen ditut. Ez diet aholkurik ematen, baina batzuetan irakaslearengandik eurengandik baino gertuago sentitzen naiz. Irakasleari errespetua galdu diotela ikusten badut kargu hartzen diet. Irakasle guztiak oso jatorrak dira eta asko laguntzen dute eta ni ere eurei laguntzen saiatzen naiz”.
Ikaskideen artean denetarik dagoela dio. “Batzuek 26 urte dituzte eta beste batzuek 16. Dagoeneko lan mundua ezagutzen dutenek badakite errealitatea zein den. 16 urteko askok, nik euren adinarekin egin nuen bezala, nonbaitera joan beharra dutelako daude han. 20tik gutxi batzuk bakarrik dute argi hori dela euren bokazioa. Goi mailako moduluetan apur bat ezberdina da: Batxilergo ikasketak egin dituzte, helduagoak dira…”.
Ondo bidean, udaberrian titulua lortuko dute denek. Lizarralde dagoeneko lantxoak egiten hasi da. “Lorezaintza enpresa gehienek udalentzat lan egiten zuten eta kinka larrian daude dirurik ez dagoelako. Enpresa horietako batean sartzea zaila iruditzen zait. Neure kontura lan egitea bideragarriagoa iruditzen zait: lan txikiak egitea txaletetan eta lorategi ez oso handietan. Bestalde, terrenoa duen jendeari baratza jartzen laguntzeko asmoa dut. Hasieran zailena aurrekontua prestatzea da, oraindik ez baitakit lan bakoitzak zenbat denbora eramango didan. Gainera, ez dago jakiterik zer aurkituko duzun. Batzuetan zuloa egin eta sorpresa aurkitzen duzu. Beti beste batzuentzat lan egin dut eta norberaren kontura lan egitea arriskutsuagoa da, baina abantailak ere baditu: ni neu naiz neure lana antolatzen duena”.
Bere bokazioa aurkitu duela uste du. “Honek ere bere gauza txarrak ditu, e! Eguraldiaren menpe gaude eta hemen euri asko egiten du. Aire librean lan egiteak gauza onak eta txarrak ditu. Lan hau ez da egokia hotza edo beroa gorroto dutenentzat. Natura gustuko dutenentzat eta eguna bulego baten barruan eman nahi ez dutenentzat, ordea, aproposa da. Neure lankide ohiek zer moduz doakidan galde-tzen didate. 50 urtekoek edo zor handiak zituzten gazteek ez zuten Basaurira joan beste aukerarik izan. Zorionez, nire emazteak lan egiten du eta ez nengoen Basaurira joatera behartuta. Ez naiz krisiaz ezer esatera ausartzen. Nahikoa aditu badago telebistan… Lantegian berbera gertatzen zen: batek makina bat ekarri behar zutela esaten zuen, besteak eraman egin behar zutela, hirugarrenak… Ezer gutxi dago gure esku: familiakoen eta ingurukoen alde lan egitea eta ur handietan ez sartzea, besterik ez”.
Cesar Blanco: “Ahalegin handia egin dut hezkuntza mundura modaltzeko”
Cesar Blanco Mallorcan jaio zen, baina 14 urte daramatza dagoeneko gure artean. 39 urte ditu eta UGLEn ikasten hasi aurretik Bellotan lan egin zuen. Duela urte pare bat lan istripua izan zuen eta horren ondorioz sorbaldan arazoak ditu. Enpresa uzteko eskaintza egin zioten eta kalte-ordaina hartzea erabaki zuen. Egun industria mantentze ikasketak egiten ari da.
Blancok lana utzi aurretik ere ikasteko gogoa zuen eta gustura ari da. “Oso gustura nago. 14 urteko alaba eta 11 urteko semea ditut eta beti txunditu nau irakasleek hezteko duten abilezia. Orain hori bizi-tzeko aukera izaten ari naiz eta oso pozik nago. Ikastea oso aberasgarria da”.
Etorkizuna begi onez ikusten du. “Modulua hasi aurretik merkatua aztertu nuen, hemendik urte batzuetara eskualdean zer behar egon daitezkeen jakiteko. Soldadura, kontrol numerikoa edo industria mantentzearen artean hautatu behar nuen eta, azken urteotan UGLEtik pasatu den jendeak zer egin duen ikusita, industria mantentzea ikastea erabaki nuen. Klasean 13 lagun bakarrik gaude eta lana aurkitzeko aukera handiak ditugula uste dut”.
Langabezia handia den arren, ez da beldur. “Nire ustez pertsona zoriontsua izan behar da egunerokoan. Lanpostu finkoa nuen, baina horrek ezin zuen nire zoriontasuna baldintzatu. Emazteak lanegun osoko jarduna du eta berarekin adostu nuen erabakia”. Martxoan gelditu zen langabezian eta ondoren fresatzaile eta tornu ikastaroak egin zituen. Modulua irailean hasi du. “UGLEn jendearen arteko harremana oso ona dela uste dut eta horregatik erabaki nuen bertara joatea”.
Ikaskide gehienak bera baino gazteagoak dira, noski. “Eurentzat erreferentea naiz eta ahalegina orain egin behar dutela esaten diet. Ni ez naiz ezertaz damu, baina bere garaian ez nuen nahikoa ikasi. Nire ikaskideen gurasoak ni baino lauzpabost urte zaharragoak besterik ez dira. Ahalegin handia egin behar izan dut hezkuntza mundura moldatzeko. Eurak, berriz, Batxilergotik datoz. Zorionez, UGLEk laguntza berezia eskaini digu ikasketak aspaldi utzi genituenoi. Orain arte seme-alabei ikasteko esaten nien behin eta berriro eta orain ni ikasten ikusten naute. Hori positiboa da. Ikasi beharra dago etorkizun oparoa izateko”.
Jose Mari Gonzalez: “Gazteei 70 urtebete arte lan egitea tokatuko zaiela eta asko ikastea komeni zaiela esaten diet”
Jose Mari Gonzalez legazpiarrak 44 urte ditu, ezkonduta dago eta lau urteko semea du. Bere enpresak enplegu-erregulazio espedientea ireki zuen duela bi urte eta UGLEn goi mailako zikloa egiten ari da.
Gonzalez ikasle ona zen, baina nerabe aroan okertu egin zen. “Institutuan ikasten nuen eta UBI hasi nuen, baina ikasketak uztea erabaki nuen. Amak bi arrandegi zituen eta bertan hasi nintzen lanean. Adin horrekin poltsikoan dirua edukitzea eta ondo bizitzea da kontua”.
Handik urte batzuetara bizimoduz alda-tzea erabaki zuen. “33 urterekin erdi mailako zikloa egitea erabaki nuen. Goi mailakoa ezin nuen egin, ez bainuen UBI titulua. Ondoren lanean hasi nintzen, Zorrotzen. Ez nengoen oso gustura eta Ormaiztegira joan nintzen: Letag enpresara”.
Ikastea gustatzen zaio, prestatzea beharrezkoa dela uste du eta ez dio trebatzeari utzi: UGLEra joaten jarraitu zuen eta 2006-2007 Unibertsitatean sartzeko ikastaroa egin zuen. Ondoren Ingeniaritza ikasketak hasi zituen, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean. “Ingeniaritza ikasketak etxetik egitea oso zaila da eta utzi egin behar izan nuen. Handik gutxira, Letag enpresan enplegu-erregulazioko espedientea ireki zen. Ordurako Unibertsitatean sartzeko ikastaroa eginda nuenez, goi mailako ziklo bat egitea erabaki nuen”, laburbildu du.
Lantegietako automatak kontrolatzeko ikastaroa egiten ari da. “Letageko lana gustukoa dut eta ikasten ari naizena bertan aplika dezaket, baina etorkizuna oso ilun ikusten dut. Izan ere, astean lau egunetan bakarrik lan egiten dut, atzerapenarekin kobratzen dugu eta gainera egoerak okerrera egingo duen beldur gara”.
Irtenbide bakarra ikastea dela dio. “33 urterekin ez nekien kable bat zer zen, baina ikasketak aurrera atera nituen. Izan ere, adin horrekin ondo dakizu zertan ari zaren. 18 urterekin, ordea, egun 18 urtekoek egiten duten bera egiten nuen. Bizitzak bere etapak ditu eta alperrik da gazteei ezer esatea. Kolpea hartu arte ez dugu ikasten. 70 urte bete arte lan egitea tokatuko zaiela eta ahalik eta gehien ikastea komeni zaiela esaten diet. Bestela, lanik txarrenak egitea tokatuko zaie. Erdi mailako zikloa bukatu nuenean oparotasun garaia zen eta berehala aurkitu nuen lana, baina gauzak aldatu egin dira. Zenbat eta titulu gehiago izan, hobe”.
Gonzalezek ikasturte honetan bukatuko ditu ikasketak. Udaberrian praktikak egingo ditu. Oraindik ez du erabaki non. “Leku eta une aproposa hautatu behar dira. Lanean hasteko irrikatan nago. Etxean nahiko larri gabiltza eta egonkortasuna lortu nahi dugu. Egia esan, dirua izango banu ikasten jarraituko nuke. Oso gauza ederra da. Dena den, ez naiz gaztaroan egindakoaz damu. Oso ondo bizi izan naiz eta hori ez dit inork kenduko”.
Ez du uste egoera ekonomikoak hobera egingo duenik, baina arlo pertsonalean baikorra da. “Lan egitea gustuko dut eta gogoz egiten dut. Badakit edonora joanda ere maila emango dudala. Behar dudana norbaitek aukera ematea da”, amaitu du.
Tonet Hermida: “Nire bizitza berreskuratu nahi dut, soldata kobratzen hasi, gurasoen etxetik joan…”
Tonet Hermidak 31 urte ditu. Erdi mailako zikloa ikasi zuen eta, ondoren, zazpi urte eman zituen TTT Goiko enpresan. Hobetzearren Beasaingo Indarrera joan zen eta handik urtebete pasatxora kaleratu egin zuten. Toki guztietan goi mailako tituluak eskatzen dituztela ikusita, UGLEn mantenu ikasketak hasi zituen. Aurten bukatuko du. Lehenbailehen lan mundura itzuli nahi du eta horretarako atzerrira joateko prest dago.
Institututik UGLEra joan zen eta duela hamar urte erdi mailako zikloa egin zuen, mekanizazioa ikasi zuen hain zuzen ere. TTT Goiko eta Indar enpresetan lan egin ondoren, 2009ko otsailean langabezian gelditu zen. “Lan bila hasi nintzen, baina denek goi mailako titulua eskatzen zidaten. Hori dela eta, ikastea erabaki nuen. Bilbon sarrera-proba egin behar izan nuen eta dagoeneko bukatzen ari naiz. Oso argi ikusi nuen gehiago ikasi beharra: lan txukuna aurkitzeko beharrezkoa da. Toki guztietan goi mailako titulua eskatzea ulertzen dut. Tornu batean lan egiteko ingeniariak har baditzakete hori egingo dute”.
Hermidak industria-mantenua ikastea erabaki zuen. “Ia hamar urte eman nituen ekoizpen lanean eta apur bat nazkatuta bukatu nuen. Hori dela eta, mekanizatu ezagutza sakondu beharrean, industria-mantenua ikastea erabaki nuen. Asko ari naiz ikasten eta oso gustura nago, baina bukatzeko irrikatan nago”.
Izan ere, ia hiru urte daramatza langabezian. “Nire bizitza berreskuratu nahi dut, soldata kobratzen hasi, gurasoen etxetik joan… Nire bizitzak geldialdia izan du eta gurasoen laguntza behar dut. Gainera, ikastea gogorra da: lehen ez zitzaidan gustatzen eta orain are gutxiago. Bederatzi urte neramatzan liburu bat ukitu gabe eta asko kosta zitzaidan ohitzea. Eskola praktikoetan, ordea, primeran moldatu naiz. Bestalde, nire adinarekin presioa handiagoa da: ezin dut kale egin”.
Bere ikaskide guztiak gazteagoak dira eta ez dute bizitza modu berean ikusten. “Klaseko zaharrena naiz eta oso ondo moldatzen naiz gainontzeko guztiekin. Ezin dut ezer txarrik esan mutikoei buruz. Hori bai, eurek bizitza era batera ikusten dute eta nik beste batera. Ez daude titulua bi urtetan lortzera behartuak. Dena den, titulua lehenbailehen eskuratzeko eta merkatura ondo prestatuta irteteko esaten diet. Atzera egiterik izango banu gehiago ikasiko nuke. Baina orain erraza da hori esatea…”.
Gainera, garai hartan erdi mailako gradua lan egiteko nahikoa berme zen. “Ez nintzen ikasle oso ona, baina mekanizatu ikasketak gustura egin nituen eta nota onak atera nituen. Bukatu eta berehala TTTn hasi nintzen eta zazpi urte eman nituen bertan. Indarrera joateko aukera suertatu zen eta niretzat aukera bikaina zen: peoia izateari utzi eta ofiziala izateko aukera nuen. Oso gustura nengoen, baina krisia dela eta, ez ziguten kontratua berritu. TTTn kontratu mugagabea nuen, baina kalte-ordainak gero eta txikiagoak dira. Ez naiz Indarrera joan izanaz damu”.
Esan bezala, lan mundura itzultzeko irrikatan da. “Etorkizuna gaizki ikusten dut. Ez dago lanik. Curriculumak bidaliko ditut eta ezer lortzen ez badut, Euskal Herritik kanpo bilatuko dut: lehenengo Estatuan eta gero hortik kanpo. Nire anaia Galesen dago eta nire arreba Irlandan. Anaiak goi mailako zikloa egin zuen eta GSBn lan egiten zuen, baina langabezian gelditu zen. Ez zuen ezer aurkitzen eta kanpora joatea erabaki zuen. Galesko fabrika batean lan egiten du. Oso gustura dagoela dio, baina haraino joan behar izan du… Arrebak, berriz, Psikologia ikasi zuen. Ez zioten lan txukunik eskaintzen eta ingelesa ikastera joan zen Corkera. Bakoitzak ahal duena egiten du. 31 urte ditut eta nire bizitzari forma ematen hasi behar dut. Kotizatzen hasi beharra dut, bestela ezingo dut familia bat osatu, 80 urte bete arte lan egitea tokatuko zait…”.