Ez gara bereziki santu zaleak, egutegia gorritu edo berarekin ospakizun ludiko-gastronomikoren bat ekartzen ez dutenean behintzat, baina oraingoan Santa Zeziliari gure omenalditxoa egin nahi genioke.
Nekez ikusiko gaituzue pasakalleren batean, edota orain modan jartzen ari diren kantu liburuxka horietako baten atzean —beste santaren omenez kablea gurutzatzen ez zaigun bitartean noski— baina, egia esan, musikarien patroiak triste eta kezkatuta egoteko arrazoi bat baino gehiago ditu.
Urrutira joan gabe aldizkari honetako gurua Manolo Escobarren omenaldi batean izan zen orain gutxi… Onerako zein txarrerako, tamalez askoz gehiago dute txarretik, tabernak dira gaur egun musika kontsumorik handienetakoa bultzatzen dutenak eta gure inguruan behintzat, «pedagogia musikaletik», gutxi edo bat ere ez. Modako garitoena benetan desatsegina egiten ari zaigu, nahiz eta sarri etxera lehenago joateko gogoa ere sartu izana eskertu behar diegun. Noizean behin, parrandaren batean edo, abesti txatxu hutsal horietakoren bat beti etorri izan da ondo, baina dosifikagailua izorratu egin zaizue nonbait. Badaezpada, gure belaunaldikoei keinuren bat egin nahi izaten diozuen horietan, badira Mecano, Esta noche hay una fiesta edota Miguel Bose baino aukera askoz egokiagoak, edo bederen guk askoz gehiago eskertuko genituzkeenak.
Zuen kotxe moloietako doinuak kalean gabiltzanokin konpartitzen dituzuen horiei -bereziki auto beltz bateko pertsonaia- ere borondatea eskertzen dizuegu, baina ekologiarengatik, erregaia garesti dagoelako edo konpasio hutsagatik, erabili zuen eskuzabaltasuna beste nonbait. Bide batez, zorionak benetako musikariei, batez ere gure “rock star” partikularrari eta bere etxekoei, arrazoiak badituzte eta. Ongi etorri Ekai!
Posdata: testu hau Zumarragako alkateak Agiñagan bertsoak abestu aurretik idatzita dago.
Jon Torner
Jon Ormazabal