Urtean zehar ezer eskaini ez dizuten tabernariek (ongi etorri pintxopote!) urteko afaririk potenteenen aurretik jateko zerbait ateratzea.
Gabon-kanta maratoia pairatu behar izatea plazako bozgorailuetatik. Igogailuan bizilagunarekin topo egin eta “pasad una buena noche” entzutea, gainontzekoetan elkarri kasu putik egiten ez diogunean. Gabonak hiper-zoriontzeko SMS eta email kutreak. Olentzero eta Erregeekin gutxi ez eta Lagun Ezezagunaren moda, askok txinotan pitokeriak erosteko. Gorrito eta matasuegrasaren kontu hori (Urtezahar gauean lizentzia osoa dugu indioarena egiteko). Baltasar erregeak azpikontratatutako beltzaren diskurtso hunkigarria. Abertzaleetan abertzaleenak ere espainiar estatuari ez dakigu zenbat euro ematea loteriatan. Tabernetako musika patxangeroa (ah, ez, hori astebururo errepikatzen da). Otamotzeko erredaktore-buruak gonbidatutako zerbezatxoak (ah, ezta hau ere, horien zain bizpahiru urte daramagu jada!). Urbil eta halako makro-saltoki entrañableetako masifikazioa. Urte osoa poteatzen eman eta trago bat hartzera azkenekoz iazko neguan etorri zen adiskide edo ezagunaren ahotik “aspaldiko” entzun behar izatea (Aspaldiko? Taberna alu honen paretek ez digute ba berdina esango!). Jaso eta bizpahiru egunera dendara itzuliko ditugun opariak. Bizilagunen tokadiskosan “Campanas de Belen” eta horrelako hit modernoak entzun behar izatea. Eskiatzaile txamuskatuak. Kaleak apaintzen dituzten argi zoragarriak (txanpain kopa glamourosoak, balkoietako intermitenteak…). Kaleak “apaintzen” dituzten zuhaixka adar zuriak eta artaburu urretxuarrak… (aspaldion urretxuanitoekin sartu ez garela esan diguten jarraitzaile leiak eta azkarrak konturatuko ziren hitz horien zentzu bikoitzaz). Ba hoixe, Gabonak putamadre pasatu eta Urteberri JON!
Jon Torner
Jon Ormazabal
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide