Zubietak min hartuta jarraitzen duela eta, Peñagarikano izan zuen atzo Lasak lagun Tolosan. Aurrean, Titin III.a eta Merino II.a. Bikote honek Irujo eta Barriola mendean hartu zituen azken partidan. Horren eraginez, Tolosan, apustuak 50-100 hasi zituzten, errioxarren alde. 20-100 ere egon ziren. Lasak ez zuen etsi ordea. Ausart aritu zen, eta partida amaieran egindako 11 tanto zenbatu zituen aurrelari urretxuarrak. Peñagarikanorekin ere, azken asteetan atzealde horretan faltan botatzen zuen segurtasuna izan zuen Lasak.
Aurrean, Titin III.a eta Merino II.a ez ziren beste partida batzuetan bezain fin aritu. 6nako berdinketara iritsi ziren, baina hortik aurrera gipuzkoarrak izan ziren bai markagailuan eta bai jokoan nagusi. Urretxuarrak azken asteetan erakutsi duen gorakadan jarraitu zuen, joko serioa eta ausarta eginez; erasora sartuz eta arriskuak hartuz. Zubietak eta Pascualek min hartuta jokatu zituzten azen bi partidak Lasarekin, baina atzo, osorik zegoen atzelari batekin, Lasak hobekien egiten dakiena egin zuen.
Hiru garaipen eta sei porrot daramatza oraingoz Lasak txapelketan. Zortea ere ez du lagun izan. Hala ere, azken asteetako itxura ematen jarraitzen badu, garaipen gehiago ere iritsiko dira. Hurrengo partidan, Berasaluze VIII.a eta Jon Ander Albisu ataundarra izango dituzte aurkari.