Hirugarren urtez antolatu du Urretxuko Goierri kirol elkarteko xake taldeak gaztetxoei zuzendutako xake txapelketa. Hamalau urte arteko gazteei zuzenduta dago, xakearekiko zaletasuna euren artean zabaltzeko helburuarekin. Datorren otsailaren 25ean egingo da 15:30ean hasita Goierri kirol elkartearen egoitzan bertan. Joaten diren guztientzat askaria izango da txapelketaren ostean, antolatzaileek esan dutenez.
Aurretik, baina, xake txapelketa iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa egin dute. Aurten berrikuntza moduan, txapelketan marrazki lanak ez ezik, argazkiak ere onartu dituzte. Pasa den ostegunean, hilaren 16an egin zen sari banaketa ekitaldia Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. Bi sari eta aipamen berezi bat banatu dituzte aurten. Aurkeztutako argazkirik onena La Salle ikastetxeko Dara Osinalderena izan da. Marrazki onena, berriz, Joxe Mari Iparragirre institutuko Elene Agirrezabalena. Aipamen berezia, bere aldetik, Zumarraga-Urretxu Ikastolako Irati Mendikuterentzat izan da, egindako lanari esker.
Aurten 300dik gora lan aurkeztu dira lehiaketara. Zumarraga-Urretxuko Ikastolako, La Salle-Legazpi ikastetxeko, Gainzuri ikastetxeko eta Jose Mari Iparragirre insititutuko ikasleek hartu dute parte. Antolatzaileak oso gustura daude gaztetxoen aldetik jaso duten erantzunarekin. Aurreko urteetan bezala, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa bat ere antolatu da. Erakusketa sari banaketa ekitaldian inauguratu zen eta apirilaren 15era bitartean egongo da ikusgai Urretxuko kultur etxean.