Urretxuko eta Zumarragako Bi-tartean merkatarien elkarteak 2012 urterako dituen kanpaina eta proiektuen berri emateko bilera egin du bazkideen artean. Bileran bertan, elkarte bateko bazkide izateak dituen onurak zeintzuk diren aipatu dute eta bide batez, bi herrietako ostalariei elkartera gerturatzeko gonbitea luzatu diete.
Aitziber Santakutzek, Urola Garaiko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoko arduradunak bileran azaldu zuenez, «une honetan 93 merkatariek eta zerbitzu enpresek» osatzen dute Bi-Tartean. Elkartea 1993an sortu zen «sektorea bera eta herria dinamizatzeko helburuarekin», gogorarazi zuen. Orain, ostalaritza ere «sektore oso garrantzitsua» dela ohartuta, «elkarteko bazkide izatera gonbidatu nahi ditugu». Teknikariak esandakoaren arabera, taldean aritzea orain, «inoiz baino garrantzitsuagoa delako». Bileran ostalari gehiegi agertu ez bazen ere, batzuk han izan ziren. Motz tabernako Gaizka Oiartzabalek, adibidez, elkartzea «ideia ona» iruditzen zitzaiola aipatu zuen. Sektoreko beste zenbait kiderekin ere hitz egin zuela aipatu zuen eta «gehientsuenak ekimenean parte hartzeko» prest agertu zirela esan zuen.
Behin aurkezpena eta gonbidapenak eginda, urte honetarako elkarteak aurreikusita dituen kanpaina eta proiektuen berri eman zuten. Egingo den lehendabiziko kanpaina, datorren asteburuan gauzatuko da, martxoaren 2tik 4ra egingo den Urretxuko eta Zumarragako Stock Azoka, hain zuzen. 21 dendek eman dute izena dagoeneko eta ohi bezala Urretxuko Ederrena pilotalekuan antolatuko dute.
Kanpainak eta berrikuntzak
Apirilean edo urrian, oraindik ez dute datarik zehaztu, nobedadeen desfilea antolatu nahi dute. Ekainean, ohiko bihurtu den Merkatarien Astea izango da. Zozketak, animazioa eta bazkideentzako ikastaroak antolatzen dituzte, besteak beste. Urtea amaitzeko, aurten ere Gabonetako kanpaina egingo dute, Olentzero erraldoia Areizaga-Kalebarren plazan jarrita. Gainontzean, bazkideentzako formazio tailerrak egingo dira urtean zehar, «paketeria, erakusleihoak apaindu eta antolatzekoak… izaten dira», aipatu zuen Santakutzek, «oro har, elkarteko kideek beraiek eskatzen dizkigute ikastaroak dira».
Aurtengo urteari begira azpimarratzekoak diren berrikuntzen artean, bi herrietako argazki zaharrak bildu eta erakusketa bat antolatzeko asmoa dagoela esan zuen merkataritza teknikariak. «Oraindik, ez daukagu ezer zehaztuta, baina udaletxeekin hitz egin dugu eta materiala egon badago», esan zuen. Horretaz gainera, ostalariekin batera herritarrentzako ekintza ezberdinak ere antolatu nahi dituzte. «Afariak zozketatu, pintxo poteoarekin zerbait egin…oraindik ez daukagu garbi», esan zuen Santakutzek. Asmo berri gehiago ere badituzte, dena den. Dendetan eta jatetxe zein tabernetan bezeroak fidelizatzeko aplikazio informatiko bat jarri nahi dute. «Datu base bat sortzeko balio du», esan zuen teknikariak, «honen bitartez bezeroari dendan dauden eskaintzak edo jatetxe batean dagoen menua zein den esan ahalko zaio mezu bitartez». Gainera, elkartearentzako egoitza bat ere bilatzen ari dira, «jendeak leku fisiko batekin identifika gaitzan» amaitu zuen.