Kepa Peñagarikano da Aritz Lasa urretxuarraren bikote berria Binakako Txapelketan. Astelehenean partida polita jokatu zuen eta Lasak eta biek garaipena eskuratu zuten Tolosan. Aspepelota.com webguneak elkarrizketa egin dio Peñagarikanori. Bertan, Lasarekin jokatu zuen partidan zaletuek eskaini zizkioten txaloak eskertu ditu. Urretxuarrarekin entrenatzen duela, eta Lasarekin "oso ondo" eramaten dela esan du, eta hori pilotalekuan ere ikusi ahal izan dela. Aritzek presioa gainetik kendu duela uste du Peñagarikanok. "Lehen urtea du lehen mailako txapelketan, eta Zubietarekin. Presio gehiegi zuen. Orain, sailkatzeko aukerak txikiak izanik, bere balioa erakusten hasi da. Biok ilusioz beteta gaude, eta amaierara arte guztia emango dugu" esan du.