<!– @page { margin: 2cm } P { margin-bottom: 0.21cm } –Maria Clara de Yzaguirrek (Bartzelona, 1962) hamabost urte eman ditu Historia de la familia de Yzaguirre 1523-2011 liburua idazten. Familiaren hamalau belaunaldi harilkatu ditu egile katalanak. XVI. mendean hasi eta gaur egun arteko kontakizunean Zumarragak toki nabarmena du. Izan ere, Erdi Arotik XIX. mendera arte bertan bizi izandako sendia da. De Yzaguirre kazetaria da eta Bartzelonako udaletxean egiten du lan. Etzi, liburua aurkeztuko du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 12:00etan.
Zein da liburuaren ernamuina?
Kazetaritza ikasten ari nintzela, familiaren ingurukoak ikertzen hasi nintzen. Orduan, aitak erronka bota zidan. «Zergatik ez duzu de Yzaguirretarren historia biltzen?». Ikusmina berezkoa daukat, gauzen jatorria jakitea izugarri gustatzen zait, eta lanari ekin nion. De Yzaguirre abizenaren grafia ez da ohikoa, ez behintzat Euskal Herrian. Badakit. Horrela gorde zuten gure aurrekoek, eta guk ez dugu aldatu. Nolanahi ere, ez da maizkoa Bartzelonan. Gogoan dut, haurrak ginela, abizena nondik zetorren hamaika aldiz galdetu zigutela. Guk, harro, Zumarragatik zetorrela erantzuten genuen.
Zein da liburuaren hastapenean dagoen lehenengo galdera?
Zerk eraman zuen Zumarragako familia bat Bartzelonara XIX. mendeko bigarren erdian? Historian aurrerago joan naizen arren, abiapuntua hori izan dela esango nuke. Kazetaria zara ofizioz eta historia liburua idatzi duzu. Nola uztartu dituzu bi diziplinak? Hamabost urteko ikerketa lana egin dut. Ni ez naiz historialaria ez eta soziologoa. Hasteko, Zumarragako agiritegian sendiari buruz dagoen informazio guztia bildu nuen. Ondoren, aitaren belaunaldiko senitarteko guztiei elkarrizketa egin nien, 80 eta 94 urte bitartekoei. Guztiak Kataluniara eta beste toki batzuetara joandako de Yzaguirretarren ondorengoak dira. Kazetaritza lana ere badago, orduan. Liburu honek familiako historia biltzen du. Historia hori batzeko eskuartean izan dudan materiala oso hauskorra da; memoria da, hain zuzen ere.
Zeintzuk izan dira memoriari heltzeko erabili dituzun irizpideak?
Bi izan dira nagusiki. Agiritegietan memoria dokumentala landu dut. Bestalde, elkarrizketa bidez partekatutako memoria jorratu dut. Memoriaren zatirik hauskorrena bizipenez jositako oroitzapenak dituen belaunaldiari egindako elkarrizketetan jaso dut. Dokumentuetan jasotakoa oso maskulinoa dela konturatu naiz; beti ere, familiako gizonezkoek egindakoaren berri ematen baita. Ahozkotasuna femeninoa da, ordea. Elkarrizketatutako guztiek zioten: «amak kontatutakoaren arabera» edo «amonak zioenez». Nire ustez, emakumeok transmititzen dugu bizipen partekatuaren historia.
Zein da Zumarragan aurkitu duzun de Yzaguirretarren lehenengo aztarna?
Lehenengo agiria 1523koa da. Zumarragako agiritegia 1521ean sortu zuten, eta bi urteren buruan dagoeneko agertzen da de Yzaguirretarren berri. Iturrietara jo dut niri iritsitako historia egiaztatzeko. Ahoz transmititutakoan beti dago asmatutako zati bat, hori guztia egiaztatu asmoz egin dut agiritegietako dokumentazio lana. Nortzuk ziren de Yzaguirretarrak Zumarragan? Nobleak ziren. Agiriek diotenez, Zumarragako alkate, sindiku, prokuradore eta abar izan ziren. Garai hartan, edozein kargu betetzeko kapare-semea izatea ezinbestekoa zen. Gainera, ondasun higiezinak derrigor izan behar zituzten; kargua hartzerakoan dirua eman behar zutelako.
Zergatik joan ziren Zumarragatik?
Lehen Karlistaldi garaian, 1833-1839 bitartean, Zumarraga liberala izan zen hasieran. 1835ean karlista bihurtu zen. Aitaren birraitona, Sebastian de Yzaguirre, liberala zen, eta Ziburura (Lapurdi) joan zen urte hartan bertan. Hala eta guztiz ere, ez zuen Zumarragarekin zeukan harremana eten eta diru-laguntzak bidali zituen. Ziburutik Bartzelonara joango ziren geroago. Ziburu toki estrategikoa zen itsasontzi-merkataritzari dagokionez. Sebastian inportazio eta esportazio negozioetan aritu zen. Angélique de Basterretchearekin ezkondu zen eta bost seme izan zituzten. Sebastian zendu zenean, Angéliquek, euskal emakume askok bezala, etorkizun-sen ikaragarriarekin jokatu zuen: semeak hartu eta Bartzelonara joan zen.
Zergatik Bartzelona?
XIX. mendearen erdian Bartzelona hiri arrakastatsua zen. Angéliquek bertan bere semeek ikasteko aukera izango zutela uste izan zuen. Familiak Comillaseko lehenengo markes Antonio Lopezekin negozioak zituen; itsasontzi-salerosketara lotutakoak. Bost semeetatik lauk arlo honetan egin zuten lan. Enrique de Yzaguirre izan zen salbuespena. Reusera (Tarragona) joan zen, eta han Vermout Yzaguirre enpresa sortu zuen. Egun oso preziatua den bermuta da.
Itsasontziekin izandako lotura horregatik aurkeztu zenuen liburua Bartzelonako Museo Nautikoan?
Bai, hango agiritegiak ere arakatu ditut.
Zumarragan egingo duzun aurkezpenak esanahi berezirik al du zuretzat?
Aurkezpenarekin zirkulu bat ixten dela iruditzen zait. XVI. mendean hasi eta egun hemen bagaude, gure aurrekoek hartutako erabakien ondorioz da; kate ikusezin bat balego bezala.