Urretxuko Goierri kirol elkarteko xake taldeak antolatuta, larunbatean egin zen gaztetxoei zuzendutako xake txapelketa. Hirugarren urtea bete du aurten gazteei zuzendutako ekimen honek, eta parte hartzean «marka guztiak hautsi» dituztela azaldu du Jon Albarez, xake taldeko kideak.
Bigarren urtez, Miguel Arostegi beasaindarrarentzat izan da garaipena. Aurreko edizio ia guztiak irabazi dituen Urretxuko Unai Eliasen aurka jokatu zuen finala. «Finala ikaragarri gogorra izan zen», dio Albarezek. «Lehenengo partidan berdinketa gauzatu zen, baina bigarrenean Arostegik irabazi zuen», gaineratu du. Hirugarren eta laugarren postuak eskuratu zituzten, besteak beste, Jon Ander Goenagak eta Xabier Garmendiak. Biak ere Legazpiko Santikutz xake taldeko kideak dira.
Nesken mailan Marina Romonentzat izan zen lehenengo saria. Goierri xake taldetik esan dutenez «ahalegin berezia egiten ari gara xakean ere nesken eta mutilen arteko berdintasuna bermatzeko». Aurten gora egin du nesken parte hartzeak txapelketan. «Parte hartzaileen ia %15 neskak izan dira aurten», argitu du Albarezek. Parte hartzeari dagokionez, gustura daude antolatzaileak. Bost eta hamalau urte arteko ia 70 gaztetxo elkartu ziren txapelketan. Albarezen esanetan «zaila egingo zaigu aurtengo parte hartzea gainditzea. Hurrengo urterako helburua, bere horretan mantentzea izango da». Xake jokalariak Urretxutik, Zumarragatik, Legazpitik, Beasaindik, Oñatitik eta Elorriotik (Bizkaia) gerturatu ziren.
Orokorrean giro paregabea izan zela aitortu dute antolatzaileek eta arratsaldean askaria egin zuten bildutakoen artean.
- Argazkia: Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Beasain, Oñati eta Elorrioko (Bizkaia) xake jokalariak bildu zituen larunbateko txapelketak
- Egilea: Goierri K. E.