Ohiko osoko bilkura egin zen pasa den ostegunean Urretxun. Bederatzi puntuz osatutako gai ordena eraman zuten udalbatzarrera, nahiz eta azken orduan, Aralarrek eta Bilduk aurkeztu behar zuten mozio bat hurrengo bilerara atzeratu zuten.
Udalbatzarrean eztabaidatu ziren gai nagusiak arlo sozialari lotutakoak dira. Hala, eguneko zentroko eta etxez-etxeko zerbitzuko langileen kontratua aldatzea onartu zen. Jon Altolagirre, zinegotziak azaldu zuenez «KPIaren igoeraz gain, orduko %2,4ko igoera proposatzen dugu etxez etxeko langileen soldatetan. Hala, astean zehar 19,21 euro eta asteburuetan 23,06 euro kobratuko dute orduko».
Proposamena onartuta gelditu zen Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. Itziar Agirre bozeramaileak esan zuenez «hasieran herrialdeko hitzarmenaren baitako aldaketa zela uste genuen. Udalaren egoera ekonomikoa zein den kontutan hartuta, igoera hori aztertu egin beharko litzateke». Bestetik, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren tasa aldatzeko proposamena aho batez onartu zen. Hala, 2006 aurretik zerbitzua udalarekin kontratatuta duten herritarrek %10 gehiago ordainduko dute aurten, orduko 14, 21 euro. 2006az geroztik kontratua egin zutenek Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako tasa ordaindu beharko dute, 18,76 euro. «%10eko igoera udalaren eta aldundiaren tasak maila berean jartzeko ezartzen da», azaldu zuen Jorge Andueza Bilduko zinegotziak.
Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zuen udalbatzak. Aurten, krisia eta emakumea batu dituzte «emakumea delako gaur, krisi ekonomikoaren testuinguruan, oraindik gehien sufritzen duena», esan zuen Altolagirrek. Amaitzeko, galderen eta erreguen txandan, Unai Badiola Bilduko zinegotziak pasa den astean izandako atxiloketak arbuiatu zituen alderdiaren izenean.