Urretxuko eta Zumarragako Zero Zabor taldeak autokonpostaia ikastaro bat bideratzen lagunduko du. Sasieta Mankomunitateak antolatuko du ikastaroa, martxo aldera, baina Zero Zabor taldera email bat igorrita izena eman ahalko da.
Euren webgunean esan dutenez, "geuk sortzen dugun arazoari geuk bilatu behar diogu irteera eta zer hoberik jan soberakinekin baratzerako nahiz lorontzietarako ongarri bikaina egitea baino". Modu honetan "bakoitzak sortzen duenaren %40" bilketa sistematik kenduko litzatekeela esan dute: "honek kamioi bidaia gutxiago, zabortegi gutxiago… eskatuko lituzke". Autokonpostaia egiteko Sasieta Mankomunitateko teknikariek emandako tailerretan parte hartu beharko da. Bertan, azalpen teorikoen bitartez, konposta nola egiten den erakutsiko dute. Tailer hauek martxo erdialdera egingo dituzte Zumarragan. Oraindik ez dute datarik, baina hau finkatzean, Zero Zabor taldeak horren berri emateko konpromisoa hartu du.
Konposta nola egin erakutsi ostean, konpostagailu bana ere emango diete interesa dutenei. Argitu nahi izan dutenez, "konpostagailua ipintzeko lur zatitxo bat beharrezkoa da, lurreko bizidunek jana ongarri bihur dezaten". Ikastaroetan parte hartu nahi duenak zuzerozabor@gmail.com helbidera email bat igorri beharko du.
Ez da hau zaborraren kudeaketari lotuta Zero Zabor taldeak antolatu duen ekintza bakarra. Gaur goizean, esaterako Sasieta mankomunitatea ikustera joan dira, interesa agertu duten herritar batzuek lagunduta.