Goierri kirol elkarteko txirrindu sailak bizikleta eskola berreskuratu zuen iaz. Eskola martxan jarri zuten, urteetan egitasmoa geldirik egon eta gero. Hamabi haur aritu ziren iazko denboraldian. Datorren larunbatean, 12:00etan, Urretxuko Santa Barbara auzoan 26 haurrez osatutako talde berriaren aurkezpena egingo dute.
"Izena eman duten haurren kopurua asko igo da, eta pozik gaude", dio Aitor Salaberria taldeko zuzendariak; Aitor Txikorekin batera osatzen du zuzendaritza taldea. 10 urtetik 16 urte bitarteko umeak dira, Legazpiko haur bat ezik, beste guztiak Urretxukoak eta Zumarragakoak dira. Haurretan, kimuetan eta kadeteetan taldeak sortu dituzte aurten; iaz, ez zuten kadete mailako txirrindulari talderik. Kadeteak otsailaren 25ean hasi ziren lehiaketatan parte hartzen. Haurrak eta kimuak aurki hasiko direla esan du Salaberriak.