Olerkia zu zara, hori da Agurtzane Anduetza margolariak eta Andoni Salamero poetak, etzi, Zumarragako Zelai Arizti aretoan zabalduko duten erakusketari jarri dioten izena. Anduetza iruñarrak margotutako hamabi koadro erakutsiko dituzte. Margolanetan Salamero zumarragarrak idatzitako poemak irakurri ahal izango dira. Bi lotura mota sortu dituzte: koadro bakoitzaren eta dagokion olerkiaren artekoa, eta erakutsiko dituzten hamabi margolanetan eta poemetan harilkatzen den istorioa.
Agurtzane Anduetza margolariaren arabera, «lotura ezinbestekoa da, izan ere, ezinezkoa litzateke lan hau bereizita aurkeztea. Xehetasun bakoitzak sortzen du magia, bizitza janzten duen magia da, hain zuzen». Salamerok ikuslearengana iristeko modua zehaztu du, «istorio horren haria bilatu dugu. Ikusleak ikusiko, irakurriko eta sentituko duena beste modu batera dasta dezan».
Anduetzak eta Salamerok Hatsa elkarteak egiten duen urteko bileran ezagutu zuten elkar. Olerkarien bilkura hartan, Anduetzaren margolan bat ikusi zuen Salamerok. «Asko gustatu zitzaidan, berekin hitz egin nuen eta Olerkia zu zara proiektua martxan jarri genuen», esan du.
Lan prozesuari dagokionez, Anduetzak margolan bat osatu, eta Salamerori bidaltzen zion. «Margolanaren inguruko interpretazioa idatzi dut nik olerki bidez. Anduetzak, ordurako, toki jakin bat gordeta zion poemari eta nik lana osotasunean irudikatu ahal izan dut», zehaztu du poetak.
Pintura eta olerkigintza fusionatzen ditu erakusketako margolan bakoitzak. Poeta zumarragarrak gehienetan diziplina bakoitza bere aldetik aurkeztu ohi dela dio, baina haiek «biak integratzeko apustua» egin dute. Bi artisten lanen bategite honek, «egileari baino, sortutakoari ematen dio hitza. Biok frekuentzia berean egin dugu lan, eta oso ondo konpondu gara», jarraitu du zumarragarrak.
Udaberria bezala
Erakusketa etzi zabalduko dute, eta ez da zorizko data. Salamerok argitu duenez, «udaberriaren hasiera da. Esnatzea gertatzen den bezala, guk gure baitako poesia ernatu, esnatu nahi dugu ikusleengan. Horretarako, irudiak eta hitzak izango ditugu bidelagun». Inaugurazioa 19:00etan izango da. Egileek aurreratu dutenaran arabera, ez da ohiko inaugurazioa izango, eta poesiak eta musikak tokia izango dute.
Erakusketak hartuko dituen hamabi margolanen eta poesia sortaren gaiari buruz galdetuta, Salamerok poesia sozialarekin baino gehiago, norbanakoaren izatearekin lotzen du bere sormen lana. Izatea, natura, gizakiaren arazoak… «Ez naiz arazoen zurrunbiloan mozkortzen den horietakoa, norberaren baitan dagoen zerbait da. Niri kezkei irtenbide positiboa ematea gustatzen zait».
Norbanakoaren kezkak islatzen dituen poesia, gizartearen isla ere badela onartzen du poetak. Olerkigintzak, hala ere, irakurleari beste bide batzuk eskaini behar dizkiolakoan dago Salamero. «Poetak ezin du bakarrik bere samina erakutsi, egunerokoan beste xehetasun batzuk jaso ditzake. Esate baterako, inausi berri den zuhaitza, belar gainean etzanda, eta belarrak hartu egiten du arbola, besarkatuko balu bezala. Barrukoari begiratzearen aldekoa naiz, kanpokoarekin lotuta egonda ere».
Beste proiektu batzuk
Andoni Salamerok, maiatzaren 25ean, Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean Japonia: poesiaren sumendi ezkutua poema eta argazki liburua aurkeztuko du. Martin Jauregielzo argazkilariarekin batera osatutako liburua da. Salamerok euskaraz idatzitako poemak japonieraz ere emango dituzte liburuan. Autoeditatutako liburua da, hainbat enpresen laguntzarekin finantza- tutakoa.
Poesia zabaltzeko bidean Andoni Salamero geratu gabe ari da, poemak oihalari josten, autoeditatutako lanak argitaratzen, eta, oraingoan, olerkiak margoetan idazten.