Egoitz Armaolea itzain zumarragarrak 2.700 kiloko harriarekin eta hiru idirekin egindako marka saiakera egin zuen atzo. 31 plaza eta zinta bat bete zituen 30 minutuan. Goierriko Hitzak aurretik egindako elkarrizketan, 20-21 plazatako marka ontzat hartuko zuela adierazi zuen itzainak. Aurreikuspen guztiak hautsita, proba "ezin hobeto" atera zela esan du Armaoleak.
Lortutako emaitzan eguraldiak asko lagundu ziola gehitu du itzainak: "Lau euri tanta bota izan balitu, beharbada, hamar plaza gutxiago egingo nituzke". Aurreikuspenak egitea zaila egin zitzaiola ere esan du, hala ere, Armaoleak ez zuen horrelako emaitzarik espero.
Elkarrizketa hartan adierazi zuen jada, bazekitela aurretik 2.700 kiloko harriarekin marka saiakera egin zuela itzain batek. Horri buruzko dokumentazio bila ari zirela aurreratu zuen, baina ez zutela ezer aurkitu. "Azkenean, proba haren berri izan dugu. Artxibo zahar batean Kantabriatik etorritako Manolo Gonzalezek harri horrekin 30 plaza bete zituela jakin dugu, 1976. urtean". Kantabriako itzaina bi idirekin aritu zen, "baina garai hartan, marka saiakera mila kilotik gorako idiekin egin zuen". Atzokoan, Armaoleak hiru idi gidatu zituen, 700 eta 800 kilo artekoak hirurak.
Marka saiakeraren aurretik Joxe Salegiri, ‘Belarreta’, omenaldia egin zioten. Armaolearen aitona zena orain gutxi zendu zen, eta horregatik, hain zuzen, marka saiakera atzeratu zuen itzain zumarragarrak. Atzoko omenaldirako Salegiren seme-alaba guztiak elkartu ziren Zumarragako Euskadi plazan.