Sindikatuen ustetan "inoiz baino jende gehiagok egin du bat grebarekin". LABeko, ELAko, CCOOko eta UGTko ordezkariak oso pozik agertu dira greba izaten ari den erantzunarekin."Goierri osoa gelditu da" esan du LAb sindikatuko Haizea Mendiak, "esan daiteke ia erabatekoa izan dela, ia %100eko jarraipena izan duela", jarraitu du.
ELA sindikatuko Mikel Zabaleta ere "oso pozik" agertu da. “erabatekoa izan da greba”, esan du, eguerdian eginiko balorazioan: "Euskal langileriak eta gizarteak orokorrean, hartzen ari diren neurrien aurka bere haserrea erakutsi du, eta oso pozik gaude jendeak ondo erantzun duela ikusita”.
CCOO sindikatuko Enrike Baratak ere bat egin du iritzi horrekin. Grebak "erabateko arrtakasta" izan duela esan du. "Jendea mugitzeko gogoz dago murrizketen kontra. Gobernuak bere erabakian atzera egitea oso zaila izango dela badakiten arren, mobilizatu egin behar dela ikusi dute langileek, eta greba duin bat egin behar dutela argi ikusi dute” esan du Baratak.
UGT sindikatuko Agustin Reciori, bere aldetik, kaleetan "igande baten pareko mugimendua dagoela" iruditu zaio. Pena bat agertu du Reciok: "gaur grebarik egin ezin duten 5 milioi langabetu daudela".
Pertsona bat identifikatu dute Urretxun
Urretxun, Zumarragan eta Legazpin piketeen protestak ikusi ahal izan dira kaleetan, Ertzaintzak gertutik jarraituak. Irekita zegoen okindegi baten aurrean piketetako kide bat ere identifikatu dute poliziek, tentsio uneen artean.