Zumarragako udalbatzan Urola Garaiko eta Urola Erdiko industrialdeen bat egitearen inguruan eztabaidatu zuten alderdiek. Eusko Jaurlaritzak, SPRI enpresen garapenerako agentzia publikoaren bitartez egindako proposamena da. Alderdi bat ere ez zen batuketaren alde agertu. PSE-EEko zinegotziak abstenitu egin ziren bozketan, PPko zinegotzia ere bai, eta Bilduko eta EAJko ordezkariek bat egite prozesuaren kontra bozkatu zuten.
Bilduko eta EAJko ordezkariak bat etorri ziren fusiorik egitekotan, naturalena Goierrirekin bat egitea litzatekeela esaterakoan. PSE-EEko bozeramaile Fernando Fariñasek azalpen hori bera eman zuten bere taldearen abstentzioaren nondik norakoa agertzeko. Guztiek onartu zuten Urola Garaiko eta Erdiko industrialdeak batuz gero, Urola Garaiko herrien ordezkaritza, Azkoitia eta Azpeitia bezalako herrien aldean, urria izango litzatekeela. Izan ere, Urola Garaiko herriek elkarrekin ez lukete Azkoitiak bakarrik duen ordezkaritza gaindituko. Eusko Jaurlaritzako SPRI agentziak bultzatutako fusioa da. SPRI industrialdeetan gehiengoa duen bazkidea da, eta berea da azken hitza.
Bateraguneko mozioa
Bateraguneko mozioa eraman zuen Bilduk. Onartu egin zuten. PSE-EEko zinegotziak abstenitu egin ziren, Bilduk eta EAJk alde bozkatu zuten eta PPk kontrako botoa eman zuen, legea betetzearen aldekoak direla esan zuen Begoña Pereira popularrak.