Urola Plazaola Triatloi taldeko atletek hainbat probatan parte hartu dute Aste Santuko oporretan. Guztietan postu onak lortu dituzte, taldeko garaipenen zakua nabarmen bete dutelarik.
Lehenengo proba Gijongo (Asturias) duatloia izan dute. Espainiako Duatloi Koparako baliozkoa, Urolako bi atletek parte hartu dute: Ivan Gonzalez eta Lorena Hernandez. Biak adin taldeen kategorian lehiatu ziren. Gonzalez hirugarrena izan zen bere adin taldean, eta Hernandez lehenengoa.
Hiru dira jada, maiatzean, Murtzian (Murtziako Erkidegoa) izango den Espainiako Duatloi Txapelketarako sailkatu diren Urolako kirolariak: Ibone Sanchez elite mailan, eta Gonzalez eta Hernandez adin taldeen kategorian.
Galileako (Errioxa) Duatloian ere izan dira Urolakoak, eta Antxiñe Kerejeta taldekidea bigarren geratu da.
Proba gehiago Bizkaian
Josetxo Mujika zumarragarrak bi txapel jantzi ditu Bizkaiko Durango eta Gernika herrietan egindako probetan. Beterano bigarren mailan, Euskal Herriko txapeldun izendatu dute Durangoko distantzia motzeko duatloian eta Gernika-Lumoko esprint duatloian. Azpimarratzekoak dira bi proba hauetan Juan Antonio Seño taldekideak lortutako 50. postua eta Jose Manuel Benitezen 72. postua.
Gurutze Altunak, bere aldetik, Benasqueko bailaran (Huesca) egindako mendi triatloia irabazi du. Proban Amaia Lukin Euskal Herriko mendiko duatloi txapelduna atzean utzi zuen.
Hurrengo hitzorduak Arrigorriagan (Bizkaia) eta Sorian (Gaztela eta Leon) izango dituzte Urolako atletek.