Txerra Bolinagak, azken hilabeteetan oraindik ere euskal herritarrei epaiketak egiten dihardutela gogoratu zuen, adibideak ere emanez: "atxiloketak, ‘Bateragune kasua’, Oarsoaldekoen kasua, Donostiko gazteena…". Errepresioa bereziki gazteen gainean tematzen ari dela esan zuen: "argi dago beldurra sortu nahi dutela, herrialde honetan euren gogoaren aurka inor mugitu ez dadin". Horren aurrean, Eleak plataforma eskubide zibilen eta politikoen aldeko talde bat dela esan zuen. "Gauza askotan egin daiteke lan", esan zuen, baina eurak "salbuespen legeen ondorioetan" oinarritzen ari direla.
Bolinagak ‘Parot doktrinaren’ inguruko azken sententziek, "Estatuaren norabidea zein izango den" erakusten dutela esan zuen: "Oraindik epaiketak daude: gazteenak, segurarrenak, Askapenako kideena, Herriko tabernen auzikoa… epaiketa politiko asko ditugu oraindik". Aktibitate politikoari lotutako epaiketak direla gogoratu zuen, eta esan zuenez, "teorikoki, demokrazia batean aktibitate politiko hori egiteko eskubidea ez litzateke auzitan jarri beharko".
Bukatzeko, Urretxuko eta Zumarragako Eleak plataformako Antxiñe Biainek taldea herritar guztiei zabalik dagoela gogoratu zuen, eta apirilaren 28an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu zituen.