Gontzalok 67 urte ditu eta 2023ko urrian 78 izango ditu. Prentsaurrekoa eskaini duten herritarrek "bizi osorako kartzelaldia" ezarri diotela esan dute.
Rodriguez 1973ko zigor-kodearen arabera epaitu eta kondenatu zuten. Horren arabera, kartzelaldia gehienez ere 30 urtekoa izan daiteke. Presoei, behin epaiketa guztiak amaituz gero, zigor guztiak bateratu egiten zaizkie, eta zigor bateratu hau, gehienez ere 30 urtekoa izan daiteke.
Bestalde, presoek zigorraldia laburtu egin dezakete erredentzio bidez. Baina 2004an aparteko erredentzioak (ikasketak egiteagatik, kirola egiteagatik, eskolara joateagatik… eskaintzen dena) kendu zitzaizkien euskal preso politikoei. 2006tik hona, berriz, erredentzio arrunta ez zaie 30 urteko kartzelaldian oinarrituta ezartzen, zigor urte kopuru osoan oinarrituta baizik (Parot doktrina). Hala, kartzelaldia 30 urtekoa bilakatzen da.
Gaurko ekitaldian hori "biziarteko zigorra" dela salatu dute. "Biziarteko zigorra ezarrita dagoen Europako Batasuneko herrialdeetan zigorra 30 urtez azpikoa izan ohi da. Espainiako gobernuak, ordea, 30 urte oso-osorik betetzera zigortzen ditu euskal preso politikoak", esan dute. "Ez dute nahikoa etxetik urrun edukitzearekin, senideak eta lagunak bisitaldietan arrisku larrian ibili behar izatearekin. Lege hauekin bizi osoan atxilotua eduki nahi dute. Haien helburua argia da: suntsitzea, politikoki ezin badute, fisikoki bederen".
Espainiako gobernuak bere legeak beteko balitu preso asko dagoeneko aske izan behar luketela gogoratu dute eta herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete, batez ere hileko azken ostiralean 20:00etan Areizaga-Kalebarren plazan egin ohi den elkarretaratzean.
Bukatzeko, Parot doktrina kentzea, zigorraren bi herenak edota hiru laurdenak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean uztea, gaixo daudenak inolako baldintzarik gabe askatzea eta gainontzeko guztiak euren etxe inguruetara hurbiltzea eskatu dute.
Ikusi jarraian Gotzon Aranburuk eginiko bideoa: