Zumarragako osoko bilkura laburra izan zen atzo, aspaldiko partez. Gai batek bakarrik sortu zuen alderdien arteko eztabaida. Zumarraga Lantzen sozietate publikoaren iazko kontuak onartu zituen udalbatzak, EAJren abstentzioarekin. Iñigo Peñagarikano jeltzaleak sozietatearen kontu-ikuskaritza egin dela eta, ikuskariek Zumarraga Lantzenen etorkizuna zalantzan jarri dutela adierazi zuen.
«Geltoki intermodaleko azpiko aparkalekuan 4 garaje saldu dituzte, eta 86 saldu gabe daude», azaldu zuen. Kontu-ikuskaritzak Zelai Ariztiko eta Geltokiko aparkalekuetan 9 garaje saltzea aurreikusi du. «Eta, ez da nahikoa, sozietatearen funts propioen neurriz gaineko jaitsiera egon delako», jarraitu zuen. Mikel Serrano alkateak Zumarraga Lantzeneko iazko kontuak itxita, 2.000 euroko galera dagoela esan zuen. Saldu gabeko garajeen balio hiru milioi eurotan ipini zuen, "hori da daukagun ondare potentziala". Zelai Ariztiko lur azpiko aparkalekuan beste 20 aparkaleku daude saltzeko, eta geltoki intermodaleko aparkalekuan egunean 150 auto inguru ibiltzen dira alkateak emandako datuen arabera.
Salmenta lanak Zumarraga Lantzenek egin behar zituen, baina "ez ditu behar bezala egin", jarraitu zuen Serranok. Jose Manuel Altolagirrek ez du lanaldi murrizketari onartu, eta kargua nola utziko duen aztertzen ari direla gehitu zuen alkateak. "Agian kalte-ordaina eman beharko dio udalak".