Aldatuta dator Irrintzi dantza taldearen ikuskizuna, antzerkiak presentzia handiagoa izango duelako aurten. Izan ere, erromeria bat irudikatuko dute dantzariek, «goizetik hasi eta iluntzera artekoa», dio Eneko Galdos Irrintziko kideak. Hiru denboratan irudikatuko dute erromeria: meza ondorengoa, bazkalordua eta arratsaldea. Dantza tradizionalak egingo dituzte, baina kontakizunera moldatuta. Etzi izango da, Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 19:30ean. Aretoko leihatila 18:30ean irekiko dute, eta ezin izango da lau sarrera baino gehiago hartu pertsonako.
Baserritar jantzita joango dira dantzari guztiak, 4 urtekoetatik hasita eta dantzari helduetaraino. Guztira, 110 dantzari eta musikari inguru igoko da Zelai Ariztiko oholtzara. Musikari gehienak Zumarragakoak eta Urretxukoak izango dira. Txistua, trikitia, dultzaina, flauta, gitarra eta pianoak tokia izango dute ikuskizunean.