Gaur gaue
Urretxun eta Zumarragan iaz sortu zen Zu Kantari taldeak lauzpabost ekimen antolatzen ditu urtean zehar, eta horien artean kokatuko da gaurko kantu afaria. Lorea Intxaurrandieta abeslaria izango dute lagun 21:00etan Jai Alai tabernan elkartuko diren herritarrek. Oraindik ere afarirako txartelak eskura daitezke 669 54 63 57 zenbakira deituta.
Urretxuko eta Zumarragako Zu Kantari dinamika euskal kantak kaleratzeko eta kalean kantatzeko helburuz sortu zen, Euskal Herriko beste hainbat kantu talde bezala. Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte kantuaren inguruan. Batzuk finkoak dira: Urretxuko eta Zumarragako festetako saioak, kasu. Hauez gain, baina, sagardotegira irteera bat ere egin dute aurten, eta kantu afari bat egitea ere pentsatu dute, gonbidatu batekin. Gaur egingo dute hau. 30 lagun inguruk eman dute oraingoz izena gaurko afarirako. Hainbat euskal kanta abesteaz gain, Intxaurrandietak bere abestiak ere eskainiko ditu gaurko afarian.
Egun, 50 kide inguru ditu Zu Kantari taldeak, eta unean uneko ekimenekin funtzionatzen du.