Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, Urretxuko Urrelur, Mineral eta Fosilen museoak, ekintza sortu antolatu du datorren asterako. Ospakizun hau baina, ez da bakarra, izan ere museoak 25 urte betetzen ditu aurten, eta horrekin batera azken urteetan egin dituzten berrikuntzak ere aurkeztu dituzte. Horiek guztiak azaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo museoko arduradunek. Aitor Otegi Urretxuko kultura zinegotziak egin zituen aurkezpen lanak. Horrekin batera, museoak 25 urteko ibilbidea bete izana, «harro egoteko modukoa» dela nabarmendu zuen, «Urretxu mineralen arloa erreferente bihurtzeraino».
Berrikuntzak museoan
Juan Unzueta ere izan zen aurkezpenean. Artelatz zerbitzuko kidea da bera, Urretxuko museoarekin azken urteetan lankidetzan dabilena. Beraiek dira, azken urteetan museoan egin diren berrikuntzen arduradunak. Bi dira, Unzuetak nabarmendu zituen berrikuntzak: batetik, museoan eskaintzen den informazioaren eguneratzea, eta bestetik eskainiko duten audiogida zerbitzu berria. Informazioa euskara hutsean agertzen da museoko informazio paneletan, «ez gaztelania baztertzeagatik, leku faltagatik baizik», argitu zuen.
Bestalde, informazio guztia digitalizatu egin dute. «20 audiogida daude museoan bisitarien eskura», esan zuen Unzuetak. Euskaraz eta gaztelaniaz daude erabilgarri. 82 pistetan grabatu dugu museoko informazio guztia. Honek, «bisita laburra edo luzea egiteko aukera ematen du», azaldu zuen. Laburrak hogei minutuko iraupena du eta luzeenak ordu eta erdi ingurukoa.
Jabier Aguado, museoko laguntzaileak hartu zuen hitza amaitzeko. Datorren astean ikastetxeentzako bisita gidatuak izango direla aurreratu zuen. Hilaren 18an berriz, Urrelur festa izango da haurrentzat Iparragirre plazan, «jolasak eta zozketak izango dituztelarik». Hurrengo egunean Pirinioetara irteera mineralogikoa egingo dute. 25. urteurrenaren harira «hainbat ekintza prestatzen» ari direla aurreratu zuen Aguadok, baina momentuz isilpean gorde dituzte.
Ikusi jarraian Gotzon Aranburuk eginiko bideoa