Urretxuko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiari 2011ko fondo foralari dagokion zenbatekoa bueltatzeko mailegu bat eskatuko du. Hala eman du jakitera, Oihane Zabaleta alkateak egin den azkeneko osoko bilkuran. Mailegua 232.000 eurokoa izango da eta alkateak argitu duenez «2012ko aurrekontuak berdintzeko tramite bat baino ez da».
Urretxuko udalak aldundiari fondo foralaren karietara bueltatu beharreko zenbateko osoa 458.508,33 eurokoa zen. Erdia ordainduta dago jada, «ekainean amaitu dugu ordainketa», azaldu du Zabaletak. Baina zorraren beste erdia ordaintzeko, «dirurik gabe» dago udala. Horregatik, aldundiarekin adostasun batera iritsi eta gero, honek aipatutako mailegua erraztu dio udalari 2013an eta 2014an zehar itzultzeko. Mailegua lortu ahal izateko, ordea, udalak bere egoera ekonomiko eta finantzarioa justifikatu behar izan du, 2015era arteko aurrekontuen finantza eta ekonomia plan bat aurkeztuz.
Baina udalak, eskatutako mailegua ez erabiltzea espero du. Alkateak esandakoaren arabera, «egin diren gastuen murrizketak, eta udal honek daraman austeritate politikak aintzat hartuta, datorren urtean aurrezki positiboa izatea espero dugu». Gainera, diputatuen kontseiluak, azkenean, arau subsidiarioak onartu dituela jakinarazi zuen Zabaletak, «bederatzi urtez onartu gabe egon eta gero», esan zuen.
Eguneko zentroa
Bestalde, eguneko zentroa kudeatzeko baldintza plegu berriak onartu zituen udalbatzak, aho batez. Jon Altolagirre gizarte gaietako zinegotziak esan zuenez, «eguneko zentroko eta etxez etxeko zerbitzuak berritu behar dira, ekainaren 30ean amaitu baita kontratua». Zerbitzua, oro har, bere horretan mantenduko bada ere, zenbait aldaketa sartu ditu udal gobernuak.
Aldaketa esanguratsuena, alde ekonomikoan eman da, «bi zerbitzuotako tarifak jaitsi ditugu», esan zuen Altolagirrek. Eguneko zentroan, adibidez, astelehenetik ostiralera 50,36 euro ordaindu behar dira eguneko eta pertsonako hemendik aurrera. Orain arte 52,43 eurokoa zen ordaindu beharrekoa.
Egin diren beste aldaketa batzuen artean, euskararen erabilera ziurtatzea, berdintasun printzipioak zerbitzuan islatzea eta zenbait kalitate ziurtagiri aurkeztea, aipatu zituen Altolagirrek. Bestalde, azken bi urteetan eman den kartarako zerbitzua «esleitutako enpresak hartu beharko du bere gain». Kontratua lau urtez egongo da indarrean.