Abelgorri lehiaketan 26 buru aurkeztu dira eta zazpi sari banatu dira. Lau urtetik beherako frisoirik onena Agerre baserriko Iñaki Sasietak aurkeztu du eta 4 urtetik gorako onena Iturbe Beheko baserriko Miren Gurutze Zubeldiak. Limousina arrazakoen artean, Donardegiko Mari Lourdes Mintegi izan da irabazlea. Txarolesa onena Zabaletako Maria Mercedes Jimenok aurkeztu du, Pirenaika onena Ertsolegiko Gregorio Arangurenek, Parda Alpina onena Ipeñarrietako Adoracion Etxanizek eta Flechvick onena Etxaburuko Felipe Areizagak.
Arratsaldean ere makina bat ekitaldi izango da. 17:00etan gastronomia lehiaketa hasiko da Gernikako Arbola plazan, 17:30ean Kiko, Koko eta Moko pailazoek Parranda-tutiplen ikuskizuna eskainiko dute Domingo de Mendiaratz plazan,18:00etan idi proben bigarren saioa hasiko da (Fernando Salegi, Elias Zaldua eta Eias Aranberriren idiak lehiatuko dira), 18:30ean folklore desfilea hasiko da, 19:00etan folklore jaialdia izango da Gernikako Arbolan, 19:30ean idi proben sariak banatuko dira eta 21.00etan gastronomia lehiaketakoa.
Gaueko ekitaldiei dagokienez, 22:45ean zezensuzkoa eta buruhandi bandoleroen sarraskia izango da, ondoren Otea Nui folklore taldeak herriko kaleetan dantza egingo du, 23:00etan txistulari taldearen kontzertua hasiko da (Jose Mari Lasa zenari eskainiko diote) eta, bukatzeko, 0:30ean txosnetan kontzertua izango da eta Gernikako Arbola plazan Laiotz taldeak joko du.