Perretxikozaleak eta onddozaleak ez dira etxean gelditu gaur goizean. Euria, haizea eta hotza eginagatik ere, 30 zaletu inguru mendietara igo dira, Lekaiok antolatu duen Mikologia Astebururako aleak biltzera. Eguerdirako Lizeora jaitsi dituzte bildutakoak. Denetariko onddo eta perretxikoak bildu dituzte. Arratsaldean sailkatu egingo dituzte Aranzadi elkarteko adituen laguntzarekin, eta bihar goizean, azkenik, erakusgai jarriko dituzte Areizaga-Kalebarren plazan. Bildutako aleen artean, nabarmentzearren, 2.600 gramo pisatzen dituen bat, modu arruntean Pipa hots egiten zaion perretxiko bat edota jatorria Australian duen, eta usain txarragatik pote batean gordeta dituztenak nabarmendu daitezke.
11:00etan irekiko dute bihar erakusketa Areizaga plazan, eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak ere bertan izango dira. Nahasgarriak diren perretxikoen inguruko ikasketa praktikoa ere eskainiko dute.