Urretxuko oposizioko alderdiek antzezlantzat jo dute udal gobernuak aste honetan Urretxu 2020 sozietate publikoaren aferaren inguruan egindako agerraldia. «Bilduk eta aurreko alkateak egindako kudeaketa ezin okerragotik ihes egiteko antzezlana» izan dela zehaztu dute. Izan ere, «Urretxu 2020 hiru urte baino ez dituen sozietatea izan arren, porrot egoeran dago, jada».
Horrela eman diote hasiera EAJk, Hamaikabatek (H1!) eta PSE-EEk gaur arratsaldean eskaini duten prentsaurrekoari. Udal gobernuak Urretxu 2020 sozietatearen gainean eman nahi duen irudia okerra dela salatu dute. Hasieratik «polemika eta eztabaida sortu duen sozietatearen kudeaketaren, eraginkortasunaren eta gardentasunaren liderrak direnaren itxura eman nahi dute, egoera argitzeko lehentasun eta ekintza falta disimulatzeko», esan du Itziar Agirre EAJko kideak guztien izenean.
2010eko urtarrilean, Urretxu 2020 eratu zen garaian «dagoeneko krisian geunden, arau subsidiarioak oraindik ezbaian zeuden eta orduko udal gobernuak etengabe kontratatzen zituen kanpoko aholkularitza etxeak». Bestalde, udalak Sarralde erosteagatik 1.465.000 euro gehi BEZ-a ordaindu zuen arren, bi milioi euroko kreditua eskatu zuela esan zuten, ondoko galdera planteatuz: «Nola da posible, 2 urte eskasean 500.000 euro gastatzea?»
Urretxu 2020ren argilunak
Urretxu 2020ren finantza ahokulariaren kontratua «administrazio kontseilu berria eratzearekin bat, 2011ko uztailean» eman behar zen amaitutzat oposizioaren ustez; baina 2012ko martxora arte jarraitu zuen kobratzen. Kontratu hori luzatzeko erabakia zein administrazio kontseilutan hartu zen jakin nahi du orain oposizioak. Baita, ustez jada udaletxearentzat lanik egiten ez zuen garaian zergatik esleitu zitzaizkion «3.000 euroko kostua» izan duten bi lan ere.
2011ko uztailetik 2012ko martxora gertatutakoaz udal gobernuak ez duela aipamenik egiten diote, «bitarte horretan ezer gertatu izan ez balitz bezala». Ordurako «irregulartasunak zeudela bagenekien, baita finantza aholkulariak ez zegokion dirua kobratu zuela ere edo sozietatearen 2012ko aurrekontuak onartzerako galerak zeudela».
Egoera «lehenbailehen argitzeko» exijitu zioten udal gobernuari, baina «denborak aurrera egin zuen» irtenbiderik aurkitu gabe. 2012ko maiatzean, sozietate publikoaren kontuen berri emateko eta «udalari zor ziona» bueltatzea exijitzeko burofax bat bidali zitzaion finantza aholkulariari, «lehenengo bidegabeko kobrantza egin eta 8 hilabetetara». Hau ez da, oposizioaren iritziz «baliabide publikoak arduraz erabiltzea».
2012ko uztailean, kanpoko aholkularitza etxe baten kontratazioa onartu zen, «lehenengo eskaera egin eta 6 hilabetera», sozietatearen «kontabilitatea eguneratzeko», eta orduan «egiaztatzen da porrot egoeran dagoela». Orduko kontseiluko bileretan «egon litezkeen erantzukizun zibil, penal eta politikoak xahutzeaz» hitz egin zela ezkutatu du udal gobernuak oposizioaren ustez, «erantzukizunak eskatzeak orain ez garamatzala inora» argudiatuz. Baina EAJk, H1!-ek eta PSE-EEk garbi dute erantzukizun horiek exijitzea dela «jarraian eman beharreko pausoen» oinarria.
Urte eta erdiko epean «bidegabeko kobrantzak egin ditu aholkulariak, sozietatearen kudeaketa iluna egin du udalak, udalari zegozkion zenbait faktura —Injelan 11.700 euro, arkitektoa 103.000 euro— sozietateren bitartez ordaindu dira, 60.000 euroko proiektu batengatik, 115.000 euro ordaindu dira batzarrean onartu gabe, aholkularien kontratuak berritu edo enkarguak egin zaizkie kontseilutik pasatu gabe, Foru Ogasunak zigorra ezarri dio udal honi, etab.». Hauek, erantzukizun politikoak eskatzeko nahikoa arrazoi dira oposizioko alderdientzat. Horretarako «fiskaltzara edo behar izatekotan epaitegira» joko dutela jakinarazi dute.
Irregulartasunen lehenengo zantzuak agertu zirenean «ardura aurreko udal gobernuarena» zen oposizioarentzat, baina urte eta erdi beranduago oraingo udal gobernuak «ezin du bere ardura ekidin, ezta bere kudeaketan gardentasun eta zorroztasun itxura eman ere», amaitu dute.