Urretxuk 8.122.439 euroko udal aurrekontua izango du 2013an. Horrela onartu dute ezohiko udal batzarrean Bilduren aldeko botoekin. EAJk eta H1!-ek kontrako botoa eman dute eta PSE-EE abstenitu egin da. Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak azaldu duenez, «pertsonetan oinarritutako aurrekontuak» dira. Hauen bitartez, «dauden baliabideei etekinik handiena ateratzea, zerbitzuak mantentzea eta hobetzea, eta gastu arrunta kontrolatzea, arrazionalizatzea eta zaintzea» dira helburu nagusiak.
Aurrekontu honetan «parte hartze prozesuan aritu diren herritarren, udal teknikarien eta alderdi politikoen» ekarpenak islatu dituzte. Aurrekontu orokorrean, sarreren atalean «bi zentzutan» aurreikusten dituzte igoerak: ordenantza fiskaletan eta prezio publikoetako tarifen eta tasen igoeran. Lehenengoari dagokionean, «igoera nabarmenik» ez dutela egin esan zuen alkateak eta bigarrenak «mantendu» egin dituztela. Diru sarrera nagusienak, aldiz, inbertsioetatik baino «herri administrazioetatik datozen diru laguntzetatik» etorriko direla azpimarratu zuen. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntzak «beharrezkoak» izango direla baieztatuz.
Gastuen atalari dagokionean, «ahalegin berezia» egin da komunikazioa eta parte hartze saila indartzeko. Era berean, gizarte sailean lehentasuna emango zaie «pobreziaren aurkako planei eta gizarte prestazioei». Aurrekontu guztiaren %8 bideratuko da horietara. Ingurumena eta nekazaritza sailen partidak handitzea ere beste helburuetako bat izan da. Inbertsioen atalera 61.618,87 euro bideratuko dira, «obra handietara baino, dagoenaren mantenua egitera» bideratuta.
Udalaren egungo egoera
Doako bi zerbitzu juridiko berri egongo dira: «Bata desjabetuak izan daitezkeen herritarrentzako, eta bestea tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako». Aniztasunerako eta berdintasunerako partida berri bat egongo da eta mantendu egin dituzte «kultura, ingurumena eta euskara».
Udalaren egungo egoera ekonomikoa «normala» da. 2012a «143.000 euroko soberakin positiboarekin» amaitu da, eta udalak une honetan duen zor bizia 435.000 eurokoa da, «aurrekontu guztiaren %6». Zorpetze maila «%5,8 da, Gipuzkoako %6,1eko batez bestekoa baino txikiagoa». Aurrezki garbia «iazko %0,7tik %7,1era» igo da. Finantzari dagokionez, eta «gastuak puntualki ordaintzeko» moduan egon arren, «450.000 euroko kreditua» hitzartu dute urte amaierarako «egon litezkeen likidezia arazo puntualei aurre egiteko».