Goierriko txirrindulari ohiek bazkaria egin dute gaur Zumarragako Balentiña jatetxean. Sei urte dira, dagoeneko Agustin Aizpuru zumarragarrak hitzordu hau antolatzeko ardura hartu zuela. “Aspaldidanik genuen horrelako zerbait egiteko asmoa, eta jubilatu nintzenean hasi nintzen bazkaria antolatzen”. Aizpururekin batera, Segundo Parra, Antton Osinalde eta Santi Zabaleta ere aritu dira antolaketa lanetan. Ekimena “garai bateko lagun zaharrak elkartu eta pasatako garaiak gogora ekartzeko” helburuarekin antolatzen dute. Gaur bazkaritan izen direnen artean Jose Mari Yurrebaso, Antton Osinalde, Santi Zabaleta, Segundo Parra, Ermenegildo Ugarteburu eta Miguel Insausti garai bateko txirrindulari ezagunak bildu dira, besteak beste.
‘Karpantari’ omenaldia
Eguerdian taldeko argazkia egin dute Zelai Ariztiko pilotalekuan. Bazkal ondorenean izan da Anjel Askasibar Karpanta oroitzeko omenaldi xumea. Lore sorta bat, oroigarria eta Karpanta zenaren argazki bat eskaini diote Segundo Parrak, Agustin Aizpuruk eta Paulo Gomezek guztien izenean, Socorro Igarza Karpantaren alargunari eta haren iloba jose Mari Urizabal Askasibarri. Aizpuruk oroitu duenez, “afizionatuen mailan lasterketa garrantzitsuak irabazi zituen Askasibarrek, baina profesionaletan ere aritu zen, gutxi bada ere”. Goierriko Itzulia ere beregatik hasi ziren antolatzen, “oso ondo zebilen garai hartan bizikletan, eta bere neurrira egindako proba antolatu zuten”.