Liburuak plazara! egitasmoa 2004tik egiten da Urretxun eta Zumarragan. Horren harira liburuak trukatzeko eta erosteko gunea jarri dute gaur Areizaga-Kalebarren plazan 14:00ak bitartean. Ekimena apirilaren 23an, datorren asteartean ospatuko den Liburuaren Egunaren harira antolatzen dute urtero.
Azokan Zumarragako Aresti eta Paideia liburu dendek hartu dute parte. Arestiko Lourdes Sasietak esan duenez, “liburu gehiago saltzen da Liburu Egunaren harira”, baina azokan baino “denda kanpoan mugimendu gehiago” egoten dela onartu du. Aurten lehenengo aldiz parte hartuko duen Paideiako Koro Velascorentzat, azoka “jendea liburuetara gehiago hurbiltzeko” modu bat da.
Liburu azokaz gain, ipuin kontaketak ere egongo dira datorren astean. Asteartean, hilaren 23an Iraitz Lizarraga ipuin kontalariak Motxila bete ipuin eskainiko die 6 eta 10 urte bitarteko haurrei. Urretxuko liburutegian izango da, 17:00etatik aurrera eta 50 bat minutuko iraupena izango du. Asteazkenean, hilak 24 Mundipurdiko ipuinak izango ditu hizpide Maite Frankok Zumarragako udal liburutegian. Ordu bete inguruko saioa izango da eta 17:30ean emango zaio hasiera.