P { margin-bottom: 0.21cm; }
Zumarragako Ospitalean suizidioak prebenitzeko abian jarri duten programa pilotua aurkeztu berri dute. Urteetan buru-hiltzeen kopuruak gora egin ez duen arren, 2007tik zenbakiek gora egin dutela sumatu du Osakidetzak. Hori dela eta, osasun arreta zerbitzu guztien elkarlana sustatzen ari diren honetan, elkarlan hori suizidioak saihesteko programa pilotua martxan jartzeko baliatuko dute; izan ere, hori da proiektu honen ardatza. Programa Goierri eta Deba barrena eskualdeetan frogatuko dute.
Aurkezpenean Elena Baylin Goierriko Osasun Zerbitzu Integratuaren kudeatzailea, Carlos Sola Osakidetzako Osasun Arreta sailaren zuzendariordea, Alvaro Iruin Gipuzkoako Buruko Osasun arloko zuzendaria eta Andrea Gabilondo psikiatrak –programaren arduraduna– parte hartu zuten. Solak, erakundeen babesa erakutsi zuen, eta suizidioen gaiari zergatik heldu dioten azaldu zuen: «Guretzat arazo bat da herritarrak aurrez hiltzea, kapital humanoa galtzen dugu. Buru-hiltzeez gain, saiakerak ere aintzat hartuko ditugu. Hau guztia neurtzea zaila den arren, jakin badakigu, azken urteotan gurean zenbakiek gora egin dutela».
Programa honek Europako zenbait herrialdetan martxan jarritako proiektuak ditu oinarri, eta bere muina hainbat gizarte eragile elkarlanean ipintzen dituela da. Andrea Gabilondoren hitzetan, «buru-hilketek kezkatu egiten gaituzte, saihestu ditzakegulako eta sufrimena sortzen dutelako». Gabilondoren arabera, kopuruen gorakadan gazteak «biktima berriak» direla antzeman dute, eta saiakerak suizidioak baino askoz gehiago direla ondorioztatu dute jada. Depresioari arreta berezia ipini dio Gabilondok, «arrisku faktore nabarmenena baita». Saiakera egiten duten %40 inguruk –Espainiako datuak dira– ez dute osasun zerbitzuekin hartu emanik.
Sinergiak bultzatuz
Osasun sistemaren baitan ekintza zehatzak burutuko dituzte arriskuan dagoen pazientea identifikatu eta jarraipena egiteko. Komunitate osoari zuzendutako prestakuntza ekintzak antolatuko dituzte eta arriskuak antzemateko baliabideen berri emango dute. Informazioa banatzeko kanpainak abiaraziko dituzte, biztanleriari zuzendutakoak; kartelak eta diptikoak egin dituzte honez gero, depresioa zer den azaltzen dutenak. Komunikabideak ere aintzat hartuko dituzte, izan ere, suizidioen albisteak emateko modu asko daude, eta Gabilondoren arabera, «tratamendu sentsazionalista ematen zaienean, portaera horiek imitatzen dira jarraian; ez da susmo bat, datuekin frogatu dezakegu».
Zergatik Goierrin Goierrin programa pilotua martxan jartzearen arrazoia zein den galdetuta, Gabilondok esan du: «Goierrin, Zumarragako Ospitalean psikiatria sailik ez dago, eta horregatik aukeratu dugu programa frogatzeko». Osasun profesionalekin abenduan hasi ziren lanean, eta orain inplikatu nahi dituzten eragileei aurkeztu diete proiektua; maiatza eta ekaina bitartean hasiko dituzte ekintzak. Programak lankidetza du ardatz, eta horren isla Zumarragako Ospitaleko aurkezpenean izandakoen zerrenda da: gizarte zerbitzuetako arduradunak, udal ordezkariak, eskoletako irakasleak, elkarteetako kideak, botikariak eta osasun sistemaren maila guztietako profesionalak, besteak beste.
Datuak eta informazio osoa bihar, Goierriko Hitzan