Eguraldiaren aurreikuspen kaskarrari eta lokatzari aurre eginez, 540 lagunek hasi eta amaitu dute aurten Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa. Horiek dira helmugaraino iritsi direnak, baina ia 800 bat izan dira izena eman dutenak. Luis Albisua antolakuntzako kideak zehaztu duenez, «horietatik 100dik gora lagunek egunean bertan eman dute izena». Hori horrela, balorazio positiboa egin dute, ez baitzuten espero horrelako eguraldiarekin horrenbeste jendek ibilbidea egingo zuenik.
Lokatza izan da aurten, batez ere, ibilbidea zaildu duen faktore nagusia. «Aurreko egunetan ere euri asko bota du» eta ibilbideko zenbait tartetan lokatz asko pilatu da. Denarekin, eguraldia ez da azkenean «horren kaskarra» izan, euria egin zuen, baina tarteka eguzkia ere atera baitzen. Ibilbide bakarra egin dute aurten ere mendizaleek eta aurreko aldietan gertatu bezala, «askok Aizpurutxotik herrirako bidea» hartu dute. Dena den, «ia 500 pertsona igaro dira Oletako kontrol gunetik». Gainerakoan mendi martxa inolako eragozpenik gabe gauzatu zen. Larrialdietako zerbitzuekin hitz egin eta gero, «ez da aurten inor artatzeko beharrik egon, ez erorikorik, ezta bestelako ezbeharrik ere».
Gehienak goierritarrak
Beste urte batez, antolakuntzatik egunean bertan laguntzen aritu diren guztiei eskerrak eman dizkiete, «100 pertsona inguru aritu ziren» lanean gune ezberdinetan. Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, «ia erdia Urretxu eta Zumarragakoak izan dira. Orotara, %80a goierritarra». Izan dira baita, Urola erditik, Irundik, Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik edo Logroñotik ere gerturatu direnak. Lizeoan zazpi pertsona izan dira aurten lotan.
Ikusi jarraian Gotzon Aranburuk prestatutako bideoa