Bizikidetza Mahaiak sustatuta Kulturen azoka antolatu dute larunbat honetarako Urretxun. Lehenengo urtea izango da, eta herrian dauden kultura ezberdinen arteko bizikidetza sustatzea eta gizarteratzea dira helburu nagusiak. Larunbaterako egun osoko egitaraua dago antolatuta, tartean munduko gastronomia dastatzeko, musikak entzuteko edo artisautza ezagutzeko aukera ez da faltako.
Ekimen hau Urretxuko Udalak bultzatutako Bizikidetza Mahaitik sortu da. Saioa Puebla taldeko kideak azaldu duenez, mahai honen helburuak «elkar ezagutza sustatzea, herritarren lehentasun eta helburu komunak identifikatzea eta elkartzeko leku berriak sortzea» dira.
Taldea urtarrilean bildu zen lehenengo aldiz, eta Kulturen azoka egiteko ideia orain hilabete hasi ziren lantzen. Azoka honen bitartez «herrian elkarreraginean dauden kultura ezberdinak ezagutaraztea, herritarren arteko ezagutza eta parte hartze komunitarioa bultzatzea eta aniztasunak dituen alderdi positiboak nabarmentzea» dira.
Egun osoko festa
Azoka egun osoan zehar egongo da irekita. Goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Ane Aierbe taldeko kideak zehaztu duenez, «mundu guztiko gastronomia dastatzeko aukera egongo da: Argentina, Pakistan, Senegal, Maroko, Nikaragua,Ekuatore Ginea, Brasil eta Euskal Herria». Artisautza produktuak ere izango dira eta hennarekin marrazkiak egin edo ilean txirikordak egiteko aukera ere izango da. Haurrentzako gune berezia ere egongo da. Arratsaldean, jatorri ezberdinetako musikak girotuko du azoka. Tartean dantza afrikarrak eta Samba Dzanga taldearen ikuskizuna izango dira.
Mairik, Bertatik Bertara taldeak, Alambique elkarteak, Legazpiko Oripavik edo Goierriko Nazioen Mundua taldeak ere parte hartuko dute Kulturen azokan.