P { margin-bottom: 0.21cm; }Bi arlo zehatzetan kontsumitzailearen hautua zenbateraino izan daitekeen eraginkorra erakutsiko dute bihar Miguel Calvillo ordiziarrak eta Iker Azurmendi legazpiarrak. Lehenengoak banku etikoaren nondik norakoak azalduko ditu eta bigarrenak energia jasangarria kontsumitzeko aukera egon badagoela erakutsiko du. Hurrenez hurren ordezkatzen dituzten Fiare banku etikoa eta Goiener energia erosleen zein kontsumitzaileen kooperatibaren filosofia laburbiltzen du Calvilloren esaldi batek: «Gure bankura ehun milioi euro ekarriko dituen bezero bakarra baino, nahiago dugu milioi bana ekarriko dituzten ehun bezero». Bien xedea energiaren eta finantzen esparruan gauzak egiteko beste moduen berri ematea da, eta modu horiek posibleak izateaz gain, gizartearen ongizateari lotuago daudela adieraztea.
Energia jasangarriaz
Iker Azurmendik Goiekin egiten du lan eta Goiener kooperatibako kidea da. Goienerren sorreran 30 kide bazeuden, egun 350 bazkide dira. Poliki ari dira bidea egiten, izan ere, kooperatibaren helburua energia berriztagarriak sortzea izanda, «lehenengo proiektuak martxan jartzeko dirua behar dugu. Hori dela eta, energia merkaturatzen hasi gara; ekoizle txikiek sortzen duten energia, hain zuzen». Merkaturatze horretatik aterako duten etekina energia berriztagarria sortzeko proiektuetan inbertituko dute. Goienerren helburua bere bazkideek kontsumitzen duten energia kopuru berbera kooperatibak berak ekoiztea da. Elektrizitatearen merkatua liberalizatuta dago. Baina, liberalizazio hori teorian baino ez da gauzatzen, «oligopolioek beraien interesak babesten dituzten arauak ezartzen dituztelako». Bost dira asko jota energiaren merkatua kontrolatzen duten enpresak, bost horiek ekoizte den energiaren %80 ekoizten dute eta merkaturatzen den %90.
Energia berriztagarrien apustuak behera egin du aurreko urteekin alderatuta, «lehen gain-sari bat ematen zizuten eguzki plaka bidez energia sortzen bazenuen eta gero energia hori sarera sartzen bazenuen. Orain, gain-sari hori kendu dute». Azurmendik gehitu du halere, «edozeinek zuzenean kontsumitzeko edota sarera sartzeko energia sortu dezake».
Goienerren bitartez etxeko energia lortzen duen kontsumitzaileak «betiko moduan jasoko du hornidura, baina energia berriztagarria bultzatzen arituko da. Energiaren fakturaren prezioan ez du aldaketarik sumatuko». Ziurtagiri bat ere jasoko dute, «Iberdrolari ere eskatu ahal diogu, are gehiago, askok eskatuko bagenio energia berriztagarrietan gehiago inbertitu beharko luke, eta beharbada ez lituzke zentral nuklearrak erabiliko».
Goienerrek Iberdrolaren moduko enpresen aldean: «Zure energia kontsumoak sortzen duen etekina ez dugu bazkideen artean banatuko, energia berriztagarrien proiektu berrietan inbertituko dugu. Bazkide izanda boto bat dagokizu, eta proiektuak guztion artean aukeratuko ditugu. Azkenik, tokiko ekonomia bultzatuko dugu». Azurmendik energia merkaturatzetik lortuko duten diru etekina Urretxun, Zumarragan edo beste herriren batean minihidraulika bat berreskuratzeko edo eguzki plakak jartzeko proiektuetan inbertitzeko erabiliko duela esan du, besteak beste.
Banku etikoaz
Fiare aurrezte arduratsua bultzatzen duen fundazioa da. Italiako Banca Popolare Eticaren agentzia bat da, eta kooperatiba baten egitura du. Goierrin 50 bazkide inguru ditu. Bazkide horietako bat da Miguel Calvillo: «Ez gara gobernuz kanpoko erakunde bat, banku bat gara, baina gure jardunak ikuspuntu etikoa du oinarri». Banku etikoak dirua gizartearen interesekin lotzen du, «ez interes ekonomiko hutsekin». Kreditua eskubide bat dela aldarrikatzen du Fiarek, jardunaren gardentasuna oinarrizko betebehar gisan ulertzen du eta bazkide bakoitzak boto bat dauka asanblada orokorretan. Banku etikoan bezeroek beren dirua non inbertitu nahi duten erabaki dezakete: giza garapena, bidezko merkataritza, ingurumena eta balioen garapena. Arlo horien baitan daude babesten dituzten proiektuak, «batzorde berezi batek proiektuak aztertzen ditu bideragarritasuna bermatuta egon dadin». Eta batzorde horien irizpidearen isla da Calvillok eman duen datua: «Gurean berankortasuna %1 da».
Gobernuz kanpoko erakundeekin lan egiten dute, baita norbanakoekin zein enpresekin ere. «Esate baterako, EHNE sindikatuarekin Bizkaian lan oparoa egiten ari gara nekazaritza sektorean: lur sailak erosi, ekoizpen ekologikoa bultzatu, makinetan inbertitu…». Fiarek aurrerantzean Banca Popolare Eticoaren azpiegiturak erabili ahal izango ditu, eta «baliabideak biderkatuko dira. Gure helburua bezeroen artean erreferentzialtasuna irabaztea da». Udalak biltzen ari dira poliki proiekzio soziala duen banku honetara. Banku hauek gizarte arazoei konponbidea ematen laguntzeko baliabideak direla argi dauka Calvillok. «Proiektu on bat esku artean daukan inor ezin da finantziaziorik gabe geratu abala nork eman ez daukalako».
Goiner zein Fiare mantso baino geratu gabeko garapena egiten ari dira. Biek ala biek lanpostuak sortuko dituzte, zuzenean zein zeharka. Biek zutabe justuagoak izango dituen mundua daukate buruan. Biek proiektu hauetan sinistuko duten herritarrak behar dituzte, batek sinisten badu gehiago iritsi daitezke errenkadan. Hau eta askoz ere gehiago azalduko dute etzi, 19:00etan Zelai Ariztin. Hitzaldian hogei minutu izango du bakoitzak, gainerako denbora jakin-mina dutenentzat.