Iñigo Murua urretxuarrak garuneko infartua jasan zuen jaio aurretik, orain 14 urte. Bere gaixotasuna sendaezina den arren, urte hasieratik bizi kalitatea hobetuko dion tratamendu bat jarraitzen ari da Santiago de Compostelako (Galizia) ospitale pribatu batean.
Tratamendua garestia da; horregatik Tantaz tanta lagundu Iñigo proiektua sortu dute Urretxu-Zumarragako ikastolako guraso elkartean. Ekimenera atxiki dira ikastola bera, Secundino Esnaola musika eskola, Goierri saskibaloi taldea eta beste zenbait norbanako. Ekimena identifikatzeko logotipoa sortu dute hasteko, eta ikastola eta musika eskola zozketa txartelak saltzen ari da azken asteetan. Ekainerako beste hainbat ekintza antolatu dituzte, Iñigoren tratamendua finantzatzeko dirua lortzeko.
Gorka Hermosa akordeoi jotzaile urretxuarrak ere bat egin du ekimenarekin. Ekainaren 16an, kontzertua eskainiko du Zumarragako Zelai Ariztin lehenengo kontzertua eskaini zuela 25 urte betetzen direla eta. Eskutitz bidez jakinarazi du «kultur ekimen honen bitartez Markel Lopez eta Iñigo Murua laguntzea da helburua», azpimarratu du.
Saskibaloia eta musika
Secundino Esnaola musika eskolan ekainaren 18an egingo dute txartelen zozketa, Josune Agirre zuzendariak zehaztutakoaren arabera «wii bat eta Arzak-en bi pertsonentzako afari bat». Ondoren, ekainaren 19an ikasturte amaierako kontzertua eskainiko dute, «ikasleek Iñigorentzat egin duten abesti bat abestuko dute».
Goierri saskibaloi taldeak ere jarriko du bere tanta Iñigoren aldeko ekimenean. Ekainaren 22an egingo dute aurten urteroko 3×3 saskibaloi jardunaldia. Jaurtiketa librerako izen ematetik ateratako dirua Iñigorentzat izango dela aurreratu dute.
Urretxu-Zumarragako ikastolako ikasleek egingo duten emanaldiak itxiko du ekaineko ekimenen zerrenda. DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek eskainiko dute emanaldia ekainaren 26an eta 25ean, «horietako batzuk Iñigoren ikaskideak», zehaztu du Muruak. Hilaren 26ko emanaldian txartelen zozketa egingo dute, «bi pertsonentzako asteburu bat landetxe batean». Iñigoren gaixotasunak ez du sendabiderik, baina tantaz tanta bere bizi kalitatea hobetzea da guztien helburua.