Urretxuko eta Zumarragako Ernai eta Gazte Komunistak taldeen ekimenez sortu berri da Urretxuko eta Zumarragako Langileria (UZL) taldea. Mariñe Arbeo taldeko kideak azaldu duenez «badira urte batzuk, krisiaren aitzakiarekin eta sistema kapitalista aurrera eramateko asmoarekin, boteretsuen indarra areagotuz, langileriaren eskubideak urratzen ari direla, herritar asko egoera larrian utziz». Hain zuzen, «zapalkuntza horri aurre egiteko» jaio da UZL, pentsaera ezberdinetako gazteek bultzatuta.
Herriko datuei erreparatuz «egun bizi dugun egoera larria da» UZLko kideen iritziz. Bost urtetan langabezia kopurua «600 izatetik ia hirukoitza izatera pasa da» Urretxun eta Zumarragan. Horietatik «25 urtetik beherakoak dira gehienak, 200dik gora». Bestalde, bi herrietan hainbat enpresa txiki itxi direla azpimarratu dute eta beste askotan «kaleratze ugari» egin direla. Orbegozoren kasua ere jarri dute adibidetzat «herri enpresa handiena denak, %12ko soldata murrizketa eraman du aurrera, 48 lan ordu gehitzearekin batera», zehaztu dute. Pribatizazioaren eta lan baldintzen okertzearen adibide gisa jarri dute Zumarragako zaharren egoitzako kasua: «urteko lanaldiari 200 ordu gehitu nahi dizkiote, soldatetan 400 euroko murrizketa proposatu dute eta langileriaren %25 kaleratu nahi dute».
Egoera «larria» dela ondorioztatu dute, eta horregatik «erantzunak tamainakoa» izan behar duela. Guzti horregatik, eta «hurrengoa zu izan zaitezkeelako» Urretxuko eta Zumarragako langileriaren izenean, datorren maiatzaren 30ean, greba egunean, Kalebarren-Areizaga plazan egingo duten asanbladan parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei.