Euskararen erabilera sustatu eta normalizazioan eragiteko Euskaraz Bizi astea egin dute azken asteetan Urretxuko eta Zumarragako ikastolan. Orain bi aste Lehen Hezkuntzako (L.H.) ikasleen txanda izan bazen, aste honetan Haur Hezkuntzako (H.H.) ikasleak aritu dira.
Euskaraz Bizi astearen baitan, H.H.-ko ia 300 ikaslek hartu dute parte bi egunetan eskaini dituzten ikuskizunetan. Aurten aukeratutako gaia “Bazen behin… tren bat” izan da. Urolako tren zaharraren ibilbidea irudikatu dute ikuskizunean zehar, Urretxu-Zumarragatik Zumaiara arteko bidea eginez. Geldialdi bakoitzean “herri ezberdinen berezitasunak nabarmendu dituzte”, esan du Mari Jose Exaniz, ikastolako irakasleak. “Aizpurutxon, adibidez Iñaki Beitiaren mendi martxa gogoratu dute, Azpeitian, danborrada eta sokamuturra irudikatu dituzte, eta Zumaian hondartza aipatu dute”, besteak beste.
Asteazkenean eta ostegunean lau saio eskaini dituzte Zelai Arizti aretoan. Goizetan “aiton-amonentzat, eta arratsaldetan gurasoentzat”.