Urretxuko 33 familiek eskatu dituzte gizarte larrialdietarako laguntzak urteko lehenengo hiruhilekoan. Guztira, 12.300 euro bideratu dituzte behar horietara. Iñaki Arriaran gizarte langileak zehaztutakoaren arabera, «oinarrizko beharrak asetzeko eta larrialdi egoerei» aurre egiteko laguntzak dira. Etxebizitza gastuetara bideratutako laguntzak daude «alokairua edo hipoteka ordaintzeko». Baita, «ura, argia edo gasaren fakturak» ordaintzeko, obra txikiak egiteko edo gama zuriko etxetresnak erosteko» ere. Oinarrizko beharrei aurre egiteko ere «janaria, fardelak…erosteko» bideratzen dira laguntzak. Lehenengo hilabeteetan egin diren eskaeretatik «%80 etxebizitza eta faktura gastuetara» bideratu dira.
Guraso bakarreko familiak
Gizarte larrialdietarako laguntzak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu. Urretxuko udalera «39.709,20 euro» bideratu ditu aurten, urte osorako. Udala da, hala ere, diru hori nola banatu erabakitzen duena, gero. «Eskatzailearen egoera soziala eta ekonomikoa» aztertzen dituzte, besteak beste. Behar hauetara bideratzen den laguntza ez dela «nahikoa» izango uste du, dena den, Arriaranek. Iaz, guztira «40.449 euro bideratu genituen laguntza hauetara. Eusko Jaurlaritzak emandakoa motz geratuko da, eta eskatzaile gehiago izango direla aurreikusten dugu», zehaztu du.
2013ko lehenengo hiruhilekoan «33 familiek» egin dute gizarte larrialdietarako laguntzen eskaera. Bigarren lauhilekorako, ordea, «beste bost eskatzaile berri gehiagok» eman dute izena jada. Eskatzaile guztietatik «gehiengoa bertakoa da. Bost izan dira kanpotik etorritako familien kasuak». Eskatzaile gehienak emakumezkoak dira «banandutakoak, edo alargunak eta kasu gehienetako seme-alabekin».