P { margin-bottom: 0.21cm; }Urretxuko Udalak bultzatuta, aniztasun mahaia osatu dute jatorri ezberdineko zenbait urretxuarrek. Elkar ezagutu eta solasean aritzeko bidea eman die mahaiak. Koloreak nahastu dira bertan, bizipenak, janzteko erak, adinak eta mintzairak. Komunean dituztenak, halere, bereizten dituztenak baino gehiago izan dira. Elkarlanak gehiagorako eman badu ere, herenegun Gernika plaza kolorez jantzi duen Kulturen Azoka elkarrekin egindako bidearen emaitza izan da.
Senegal, Argentina, Nikaragua, Pakistan, Mendebaldeko Sahara, Maroko, Aljeria, Ekuatore Ginea, Brasil eta Euskal Herriak postu bana izan zuten. Postuetan bakoitzak bere herrialdeko janari tipikoak eskaini zituen, baita edariak eta artisautzak. Postuetan jatekoak zein edatekoak saldu egin ziren, izan ere, aurrekonturik gabeko ekintza izan zen, auzolanean antolatutakoa eta dirua irabazteko xederik gabekoa. Eguerdirako postu gehienetan hornidurak amaitu zitzaizkien, eta argentinarrak, adibidez, beraien asado-a egiteko haragi bila joan behar izan ziren.
Azokak jakin-mina piztu zuen herritarren artean, eta goizean nahiz arratsaldean asko izan ziren bertatik igaro zirenak. Bitxia izan zen nagusiek Afrikako zein Amerikako janariak dastatzeko agertutako gogoa.
Arratsaldean txalaparta emanaldia egin zuen Zuhaitzaren Soinua kolektiboak. Jarraian, dantza afrikarrek plazako harmailak bete zituzten, eta musika saioei bukaera eman zieten Urretxuko nahiz Zumarragako musikariek osatutako Samba dezanga taldeak. Urretxun 35 herrialdetik gorako jatorri ezberdineko urretxuarrak bizi dira. Askotan elkar ezagutzea zaila da, eta aniztasun mahaiaren gogoeta elkar ezagutzea aurreiritziak gainditzeko modurik onena dela pentsatu zuten; azoka horren isla izan da.