P { margin-bottom: 0.21cm; }Gipuzkoako PSE-EE alderdiak Batzar Orokorretan Zumarragarekin lotutako eskaera egin dio Foru Aldundiari: «San Isidro auzoan dagoen zubia konpontzea Zumarragako Udalak auzoa eraberritu ahal izateko». Eneko Andueza sozialistak egin du eskakizuna mugikortasun eta bide azpiegitura batzordeko bozeramailea baita, «Aldundiak eta Zumarragako Udalak ekintza egutegi bat zehaztu behar dute Eitzagako auzoaren eraberritze lanak egin ahal izateko». Anduezak San Gregorio eta San Isidro arteko zubia «birmoldatzeko proiektua idaztea» eskatu dio aldundiari, eta Zumarragako Udalarekin batera «lanen egutegia zehaztu» dezala.
Zumarragako Udalak aurreikusita dauzkan hirigintza proiektuen artean dago San Isidro eta San Gregorio zubipean dagoen esparruaren eraberritzea, «lur eremu honen zailtasun orografikoez gain, zubi bera beste zailtasun bat ere bada». Anduezak azaldu duenez, «gaur gaurkoz auzoaren eraberritzea posible egiteko ezinbestekoa da zubiaren birmoldaketa». Aldundiari lan horiek bideratzeko «txosten teknikoak egitea» exijitu dio bozeramaile sozialistak, baita lanak hasteko «epeak, proiektua eta aurrekontua» zehaztea.
Eitzaga eraberritzeko asmoa
Otsaileko osoko bilkuran Eitzagako bizilagun batek publikoki Mikel Serrano Zumarragako alkateari auzo honetan besteetan bezainbeste lan ez egitea aurpegiratu eta gero, alkateak bizilagunaren kexei erantzun zien galdera-erantzunen atalean, eta Eitzagan egindako inbertsioak zerrendatu zituen, baita zubipea eraberritzeko asmoa ere.