Denak Hip Hop jaialdia antolatu dute etzirako Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Denak tabernako Alaitz Mujikak eta Angel Mora Gilek hartu dute kontzertua antolatzeko ardura, «Euskal Herrian egiten den mota honetako lehenengo hip hop jaialdia izango da», zehaztu du Mujikak.
Hip hop mugimendua 60. hamarkada amaieran sortu zen Amerikako Estatu Batuetan, komunitate latinoamerikar eta afroamerikarren inguruan. Mujikak azpimarratzen duenez «hip hop-a adierazpen mota bat da, kalean sortutakoa». Hitz jokoa, errima eta erritmoa ditu oinarrian, eta kaleko gaiez, egoera sozialaz hitz egiteko dute abestiek.
Urretxuko Denak tabernan antolatu izan dituzte tarteka hip hop kontzertuak, izan ere «herrian eta inguruan musika mota hau gutxi entzuten da». Hortik sortu zitzaien tabernako kontzertuetatik haratago, zerbait antolatzeko asmoa. «Ederrenan kontzertu bat antolatzeko asmoarekin hasi ginen, baina konturatzerako jaialdi erraldoia osatu dugu».
Punta puntako 20 musikari
Espainiako eta Euskal Herriko punta-puntako talde eta bakarlariak arituko dira biharko jaialdian, «Malaga, Almeria, Bartzelona. Leon, Gasteiz eta Donostiatik» etorriko dira musikariak. Bakarlari eta talde ezagunen artean «Malagako Sicario, Hablando en plata taldeko abeslaria eta El niño Snake edo Gasteizko SDJ Crew taldea» aipatu ditu Mujikak. Horiekin batera arituko dira La jota nostra, El niño Trapani, Norzzone, Jokerfeller, Foyone, Spok, Kale, Sokez, Xtrm, Dj Beniz, F. Santos, Osuna, La sellokonexion, LSK, Senos cae el txiringo, Neat eta Sidi.
Jaialdiari 17:00etan emango diote hasiera Ederrenan, eta goizaldeko 4:00ak arte luzatuko dela aurreikusten dute. Sarrerak 20 eurotan daude salgai aurretik «Urretxun Denak tabernan, Gasteizko Flash flash-en, eta Donostiako Old School eta Osabelar dendetan». Leihatilan 25 eurotan jarriko dituzte sarrerak egunean bertan.
Jaialdia antolatzeak «ahalegin handia» suposatu die Mujikari eta Mora Gili, eta sarreretatik ateratako dirua «jaialdia ordaintzeko» baliatuko dute. Larunbatekoak arrakasta badu, «asmoa datozen urteetan ere jarraipena ematea» izango da.