P { margin-bottom: 0.21cm; }Orain artean hondakinen kudeaketaren gaiak Zumarragako jardun politikoan oihartzun publiko handirik izan ez badu ere, PSE-EEk eta PPk elkarrekin agertutako mozio bati esker, herenegungo udalbatzarrak iraun zituen bi orduetan hondakinen kudeaketa mintzagai nagusia izan zen. Mozioak atez ateko sistemaren kontrako adierazpen zehatza egiten du, eta bosgarren edukiontziaren aldekoa.
Fernando Fariñas zinegotzi sozialistak hitza hartu zuen mozioa irakurtzeko; esan zuenez, «Zumarragan urte asko dira gure zaborra birziklatzen dugula, eta edukiontzi sistema oso eraginkorra izan da, are gehiago bosgarren edukiontzia jarri dugunetik». Zumarragan edukiontzi marroia jarri zutela urtebete eta hiru hilabete dira jada. Sasietak emandako datuen arabera, Zumarragako familien %47,9ak edukiontzi hori erabiltzeko giltza jaso du. Dena dela, Bilduk zein Aralarrek emandako datuak baxuagoak dira, %45,63.
Mikel Serranok mozioaren helburuari dagokionez esan zuen, «alderdi bakoitza erretratatzea da mozio honen helburua». Bosgarren edukiontziaren alde agertu ziren PSE-EE, PP eta EAJ. Bildu zein Aralar harik eta gehien birziklatzearen aldeko jarrera agertu zuten osoko bilkuran zehar, horretarako zein sistema erabiltzen denari ez zioten garrantzirik eman. Azkenean, mozioaren alde bozkatu zuten PSE-EE, PP eta EAJk, kontra egin zuten Bilduko zinegotziek
Zahar etxeko langileak osoko bilkuran
Zumarragako udaletxeko areto nagusia aspaldian baino beteago egon zen herenegun, publikoaren aulkietan, Argixao Lamorous zahar egoitzako langileak egon ziren. Maiatzaren 13tik greban dauden langileek babesa eskatu zioten udalari galdera-erantzunen atalean. Mikel Serrano alkateak, Gerozerlan egoitzako enpresa kudeatzaileari gutun bat bidaltzeko konpromisoa hartu zuen. Langileek hitza hartu zuten beren egoera zein den azaltzeko: «Lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago, Gipuzkoako egoitzen %60an adostasuna lortu dute jada, eta langileak zein egoitzako egoiliarrak bertakoak direnez, udalari babesa eskatu nahi diogu». Serranok eskumena udalarena ez dela argitu eta gero, enpresari gutun bat bidaltzeko prest agertu zen, «adostasunera iristeko eskaera egiteko».
Osoko bilkurari buruzko informazio zabalagoa bihar, Goierriko Hitzan