P { margin-bottom: 0.21cm; }XI. Mustiren Omenezkoa ospatuko dute datorren larunbatean Zumarragako Argixao zelaian. Musti taldeak antolatuta, Urolako eta Realeko beteranoen arteko futbol partida izango da omenezkoaren muina. Aurten, halere, berritasun nabarmena gehitu diote: arrazakeriaren kontrako partida bat. Beteranoen arteko neurketaren aurretik jokatuko da, eta Urolako lehenengo zein bigarren taldeetako jokalariak jatorri senegaldarra duten jokalariekin neurtuko dira.
Arrazakeriaren kontrako partidak hasiera emango dio eguneko jardunari 10:00etan. Ondoren, beteranoen partida izango da, eta partida horren atsedenaldian Urolako kimuek jokatuko dute Argixaon. Mustiren omenezko ekitaldia eta sari banaketa 12:40ean egingo dute.
Iñaki Ruiz de Egiluz Musti taldeko kideak azaldu duenez, «Mikel Serrano Zumarragako alkateak deitu zigun arrazakeriaren kontrako partida antolatzeko prest geunden galdetzeko. Guk, noski, baietz esan genion». Alkatearen arabera, «Senegaletik etorritako lagun batek eskaera egin zidan, eta Musti taldearekin nahiz Urolarekin hitz egin nuen».
Igandero Legazpin
Papa Lo da egitasmoaren sustatzailea, «Urretxura eta Zumarragara lan egitera etorri nintzen, eta laguntza handia aurkitu dut hemen. Ez dut arrazakeria sumatu, eta futbol partidaren aitzakian elkar ezagutzeko aukera eta lagun berriak egiteko parada izango dugulakoan nago». Lok Gipuzkoako hainbat herritatik lagunak etorriko direla esan du, 50 bat inguru izango dira Argixaon datorren larunbatean; Ordiziatik, Beasaindik, Tolosatik, Donostiatik… Lok kontatu duenez, horietako askok eta askok hitzordua izaten dute igandeetan, Legazpin. «Igandean jai dugu, eta futbolean jolastu ondoren, elkarrekin afaltzen dugu; gure komunitatea biltzeko aitzakia ona da».