Bigarren urtez jarraian, Baserri Astea antolatu du aurten ere Urretxuko eta Zumarragako Gazte Asanbladak, ZUGAk. Gaztetxearen 11. urteurreneko egitarauren barruan sartu dute berriz, baserriari eskainitako astea, hamaika ekintzekin. Gaur hasi eta igandera arte luzatuko da aurtengoa.
Beñat Idiakez gaztetxeko kideak esan duenez, «Ezkio-Itsasoko Hariztizabal baserrikoak gaztetxean hitzaldi bat emateko proposamena luzatu ziguten iaz». Horri, gazteen artean «baserriaren mundua ezagutzeko interesa» ere bazegoela gehituta sortu zen Baserri Astea egiteko ideia. Arrakasta izan zuen, eta aurten errepikatzea erabaki dute.
Azoka eta mendi irteera
Aurtengoak baditu, hala ere, iazkoaren alderatuta zenbait ezberdintasun. Iazko egitaraua «baserriari lotuta» zegoen bezala, aurtengo ideia gehiago izan da «norberak dakiena besteei erakustea», beti ere ingurugiroa oinarri hartuta. Hala, «puntu, intsentsu edo landareak ezagutzeko tailerrak emango dira. Edo, Zero Zabor taldeko kideak konposta nola egin erakutsiko digute», zehaztu du Idiakezek.
Gaurko DVD emanaldia antolatu dute 19:00etan. Bihar, Baserria, erresistentzia izenburupean hitzaldia eskainiko dute 18:30ean. Etzi, puntu tailerra izango da 11:00etan eta Zero Zabor taldearen hitzaldia 19:00etan. Ostiralean, intsentsuak ezagutzeko tailerra antolatu dute 11:00etatik aurrera, 17:00etan konposta nola egin irakatsiko dute, eta 19.00etan, elikadura burujabea eta agroekologikoari buruzko hitzaldia eskainiko dute.
Larunbatean, konposta egiteko ikasteko bigarren saioa izango da 12:00etan eta 17:00etatik aurrera baserri eta artisautza produktuen azoka egingo dute. Gauean, herriko Azkeneko Azeitunak taldearen emanaldiarekin erromeria izango da., 22:30ean hasita.
Asteari amaiera emateko, Ezkiora mendi irteera antolatu dute igande goizerako, 11:00etatik aurrera. Bertan bazkaldu eta arratsaldean Igartubeiti baserri-museoa bisita egingo dute.