3×3 San Joan saskibaloi txapelketa integratzailea jokatuko dute asteburuan. Goierri kirol elkarteko saskibaloi sailak eta Eiluz Urola garaiko gutxitu fisikoen elkarteak ekimena elkarrekin antolatzen duten bigarren urtea da honokoa.
Asteburuko jardunaldia ekimen ezberdinetan banatuko da. Batetik, ostiralean eta larunbatean jokatuko dira 3×3 txapelketak, «benjamin, kimu, haur eta kadete-junior mailetan». Ion Pol Agirre Goierri kirol elkarteko saskibaloi saileko arduradunak zehaztu duenez, «aurten ez da senior mailarik izango». Bihar, 17:00etatik 21:00etara jokatuko dute benjaminek eta kimuek, larunbat goizean haurrek, 10:00etatik aurrera eta arratsaldean kadete-junior mailakoek 17:00etatik 21:00etara.
Jardunaldi integratzaileen baitako trebezia txapelketa, aldiz, larunbat goizerako antolatu dute. Hasteko, 11:00etan Salto Bera Bera taldeko kideek saskibaloi erakustaldia eskainiko dute gurpildun aulkietan. Gero, «Goierriko talde batekin partida jokatuko dute». Ondoren, nahi duen guztiarentzako joko integratzaileak izango dira, «parte hartzaileak elbarrituen azalean jartzean da helburua», zehaztu du Maite Berasategi Eiluzeko kideak. Guztira hamar joko ezberdin antolatu dituzte, «slalom-a gurpildun aulkietan, begiak estalita futbolean edo bizikletan ibiltzea…».
Sari banaketa eta omenaldia
Arratsaldean, 18:30etik aurrera hiruko eta zelai erdiko tiro jaurtiketa txapelketak ere izango dira. Izen ematea «euro bat kobratuko da aurten. Ateratze dugun dirua Iñigo Murua eta Markel Lopez haurrei laguntzeko erabiliko da», zehaztu du Agirrek.
Larunbat arratsaldean, behin ekintza guztiak amaituta egingo dute txapelketa ezberdinetako sari banaketa. Goierrik, zozketa txartelak ere salduko ditu asteburuan zehar, «bi pertsonentzako afaria» zozketatuko da. Amaitzeko, urte hauetan Goierri saskibaloi taldearen babesle izan diren Verkol, Ayma, Construcciones Mendiola eta Aluminios Aleman enpresei «omenaldia egingo diegu gure esker ona adierazteko», amaitu du Agirrek.