P { margin-bottom: 0.21cm; Argixao egoitzan maiatzaren 13tik greba mugagabean dauden langileen egoeraren harira bi mozio aurkeztu zituzten osoko bilkuran, eta giroa piztu zen mozioen inguruko eztabaidan. Lehenengo mozioa Bilduk aurkeztu zuen EAJren babesarekin, izan ere mozio bat udalbatzarrera eraman ahal izateko bi alderdiren babesa behar da gutxienez. Hala ere, EAJ abstenitu egin zen mozio horren bozketan. Josu Idigoras jeltzaleak bere jarrera azaltzerakoan, «hainbat ñabardura ez ditugu gure egiten» esan zuen.
Mozio horretan Bilduk «ordezkari politikoen inplikazioa» eskatu zuen, eta Zumarragako Udalari «bere herritarren eta langileen lan baldintzak zein zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko konpromisoa hartzeko» eskatu zioten. PPk nahiz PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Mikel Serranoren esanetan, «ez langileen eskubideen kontra gaudelako, politizatutako mozioa delako baizik».
Hurrengo mozioa PPk, PSE-EEk eta EAJk aurkeztu zuten. Mozioan Gipuzkoako Foru Aldundiari «bitartekari lanak» egitea eskatu zioten, baita «ardurak hartzeko» ere. Gatazkan dauden alde guztiei negoziatu dezaten galdegin zieten, «gure adinekoek sufritu ez dezaten». Bilduko Montse Garciak bere taldeak kontra bozkatuko zuela aurreratu zuen. «Mozioan langileak aipatu ere ez dira egiten, eta oro har oso epela iruditu zaigu. Eskuduntzarik izan gabe ere, udalak gaiarekiko interes gehiago agertu zezakeela uste dugu».
Ondoren, Mikel Serranok Argixaoko hiru langilek sinatuta, komunikabideetan aurreko astean berari zuzendutako gutun bati egin zion erreferentzia. Hasteko, Gerozerlani, langileei zein aldundiari Serranok berak idatzitako gutuna irakurri zuen. Jarraian, aretoan zegoen Argixaoko langile bati buruz aritu zen, eta aspaldian bien artean gertatutako zerbait kontatu zuen «langileekin arduratzen» dela frogatu asmoz. Urretxuko udal gobernuari ere mezua bidali zion EH Bilduk gaiaren inguruan aurreko astean emandako prentsaurrekoarekin lotuta, «Zumarragari dagozkion aferetan ez sartzeko» eskatu zien, «hobe Urretxun gertatzen ari denaz azalpenak emango balituzte». Bilduko Montse Garciak Serranori bere hitzak «lekuz kanpo» egon zirela esan, eta langile batekiko «maila pertsonalean egindako falta» gaitzetsi zuen. Argixaoko langile batek hitza hartu, eta galdetu zuen: «Enpresak ez ditu kontuak aurkezten, zergatik beste egoitzatan itunak sinatzen ari dira eta gurean ez? Zer gertatuko da gurekin?».
Osoko bilkuran Tokiko Agenda 21eko Ekintza Plana onartu zuten. Informazio osoa bihar, Goierriko Hitzan